Ikuskizuna ziurtatua

Aurkeztu dute Italiako Giroaren ibilbidea. Berezitasunen artean, hiru erlojupeko egin beharko dituzte ziklistek; horietako bat mendian

Ikuskizuna ziurtatua.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Aurtengo denboraldia amaitu berritan, aurkeztu dute hurrengo denboraldiko lehenengo itzuli handia. Fossacesiatik abiatuko da 106. Italiako Giroa, maiatzaren 6an, eta Erroman izango du amaiera, bosgarrenez. Atzo arratsaldean aurkeztu zuten ibilbidea, eta zenbait berezitasun izango ditu datorren urtekoak. Guztira, hiru erlojupekori eta mendiko zazpi etapari egin beharko diete aurre txirrindulariek 3.448,6 kilometrotan. Crans Montanan amaituko den etapa, Lavaredora itzulera eta Monte Lussarin amaituko den erlojupekoa dira ibilbideko puntu aipagarrienak.

Txirrindulariek erlojupeko saio labur batekin neurtuko dituzte indarrak, lehenengoz, Fossacesiatik bertan. 18,4 kilometrokoa izango da saioa, eta amaieran kilometro bateko igoera izango dute. Gainera, lehenengo astea 33 kilometroko beste erlojupeko batekin amaituko da. Ibilbidea guztiz laua da, eta Cesenan izango du helmuga. Diziplina horretan ondo aritzen direnentzat ibilbide ezin aproposagoa da, eta pentsatzekoa da sailkapen nagusian postu on bat lortzeko lehiatuko direnen artean aldeak egongo direla.

Bigarren astean Suitzara iritsiko da Giroa. Bertan, hamahirugarren etapa da esanguratsuena. Crans Montanan amaituko den etapan Gran San Bernardo igo beharko dute lehenbizi txirrindulariek, eta azken mendatera iritsi aurretik Croix du Coeur mendatetik igaroko dira.

Giroan ohikoa den bezala, etapa gogorrenak azken sei egunetan helduko dira. Bigarren atseden egunaren ondoren, lau mendiko etapa izango dituzte bost egunetan. Lehenengoa, hamaseigarren etapa, Monte Bondonen amaituko da, eta bost mendate igo beharko dituzte txirrindulariek.

Hemeretzigarren etapa izango da denetan gogorrena. Tre cime di Lavaredon amaituko da etapa, eta beste behin, bost mendateri egin beharko diete aurre; kasu honetan, denak 1.200 metrotik gorako altueran. Hala ere, sailkapen nagusiaren lehian arituko direnek ezingo dituzte indar guztiak bertan xahutu, hurrengo egunean erlojupeko astuna izango baitute. Monte Lussariko (7,3 kilometro luze eta %12ko pendiza) aldapa zitaletan lehenengoz arituko dira ziklistak Italiako Giroan.

Ibilbidea ikusita, Remco Evenepoelentzat (Quick-Step) oso aproposa dela dirudi. Hurrengo urtean Giroaren eta Frantziako Tourraren artean aukeratu beharko duela dirudi, eta hiru erlojupekoak garrantzitsuak izan daitezke bi itzulien artean aukeratzerako orduan. Flandriarrak izango du azken hitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.