PROPOSAMENA

Haizea uraren ordez

Getxoko Galea itsaslabarrean XVIII. mendeko haize errota bat dago. Ehotzeko eraiki zen, etxebizitza izan zen gero eta areto bat da gaur egun

Aixerrota, XVIII. mendeko haize errota Getxon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
2020ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Historian zehar haize errotak ez dira Bizkaiko paisaiaren ohiko parte izan; hala ere, egon, egon dira. XVIII. mendean lehorte luzea egon zen, eta horrek, ur errotak haize errotekin aldatzea ekarri zuen. Bizkaian sortu zituzten haize errotetatik bi Getxon eraiki zituzten, Galea itsaslabarrean bat, eta Areeta auzoan bestea. Lehortearen eraginak amaitzean haize errota gehienak desegin zituzten; hala ere, Galean dagoenak gaur egun hantxe dirau: Aixerrota. 1726tik 1727ra bitartean sortu zuten; eta 1787an erabili zen azkeneko aldiz. Aixerrota, orain, erakusketa areto bihurtu da, eta tokiko artisten lanak jasotzen ditu.

Galea itsaslabarrak Normandiako (Frantzia) eta Doverko (Ingalaterra) labarren antza du. Andra Mari auzoa dago bertan, eta hor dago Aixerrota. Bizkaiko kostalde osoan bezala, ipar ekialdeko haizeak gogor jotzen du Galean; horregatik eraiki zuten hor Aixerrota. Eraikuntza ez zuten Andra Mariko biztanleek sustatu, Irlandako jatorria zuen batek baizik, Bilboko Edmundo Shee merkatariak. Ehotzeko eraiki zuen lehenengo, etxebizitza gisa geroago. Artoa eta pentsua ehotzen zituzten, batez ere.

Aixerrota 9,30 metro garai da,eta bi ate. Horretaz gain, bost leiho ditu, horietako hiru berdinak dira; bat altuera desberdinean dago. Beste biak txikiagoak dira eta aurrez aurre daude.

Haize errotaz gain

Galea itsaslabarrean sei kilometroko ibilbidea egin daiteke oinez, Aixerrotaz gain beste hainbat toki ezagutzeko; besteak beste, Galeako Gotorlekua. Printzearen Gaztelua ere deitzen dute, eta kostaldea etsaiengandik babesteko sortu zuten, 1740an. Izan ere, handik, Bizkaia eta Kantabriako kostaldeko lurrak kontrolatu ahal zituzten, eta inguruan zebilen armada ingeles baten mehatxutik babestu nahi izan zuten kostaldea. Inguruko herrietako 600 langile inguruk hartu zuten parte eraikuntzan.

Galeako itsasargia 1933an sortu zuten, eta oraindik ere martxan dabil. Bilboko Portu Agintaritzarena da, eta itsasontzientzat zein hegazkinentzat da baliagarria.27 miliako distantzia hartzen du (43 kilometro gutxi gorabehera). Galeako ibilbidearen amaieran Azkorri hondartza dago, Getxok dituen lau hondartzetako bat. Hondartzako itsaslabarretako haitzak itsaso sakonean sortu ziren duela 47,8 milioi urte. Haitzak aztertzean, garai horretako materialak ikertzeko sekzio baliagarria zela ondorioztatu, eta hondartzak urrezko iltzea jaso zuen, nazioarteko aintzatespena duen adierazle geologikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.