PROPOSAMENAK

Historian induskatuz

Gasteizko Bibat arkeologia museoak Arabako ondare arkeologiko guztia biltzen du. Erakusketak eta askotariko jarduerak daude

Ikasle batzuk Bibat museoko bisita batean. JUANAN RUIZ / FOKU.
jone arruabarrena
Gasteiz
2020ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Donemiliagako Egilazko trikuharria (Araba) 1832. urtean kausitu zuten, eta, aurkikuntza haren ondorioz, arkeologiaren interesa handituz joan zen. Ikertzen zein induskatzen hasi ziren ikertzaile asko, eta lehen bildumak azaleratu ziren. Bilduma horiek bildu, eta hainbat eraikinetan batetik bestera ibili ziren urte luzez;guztiek etxe finko bat aurkitu zuten arte: 1975. urtean sortu zuten Arabako ArkeologiaMuseoa. Eraikina Gasteizko hirigune historikoan dago gaur egun ere.

Hiru solairutan banatuta dago, eta eskailerak igo edo jaisten direnean, historiako aro batetik bestera mugitzen da bat. Lehenengo solairuan, esaterako, historiaurrea aztertzen da: mundua sortu zenetik lehen metalak agertu artekoak, hain zuzen. Gizakiak egindako harrizko tresnen hondarrak zein duela 50.000 urte inguru gizaki neanderthal batek galdutako hagina daude ikusgai. Horrekin batera, Neolitoan hildakoak lurperatzeko erabiltzen ziren zeramikak, gezi puntak edo labanak ere badaude, besteak beste. Han aurki daiteke, gainera, museoko piezarik ikusgarrienetako bat, euskal historian indarkeriaren frogarik zaharrenetako bat dena: oinarrian gezi punta bat iltzatua duen burezurra.

Bigarren solairura igoz gero, berriz, Burdin Aroko arkeologia dago erakusgai. Burdinazko armak eta tresnak edo eskuz egindako zeramikak: margoz apaindutako kopak, kantinplora bat edo eszisio bidez apaindutako buztinezko kaxatxoak. Azken solairuan, berriz, erromatar garaiko, Antzinaro Berantiarreko eta Erdi Aroko aztarnak daude: esaterako, ukendu ontziak, belarritakoak, zunda kirurgikoak edo ilerako orratzak. Gainera, tresna horien inguruko aldi baterako erakusketa bat antolatua du museoak aurtengo. Horrez gain, hirugarren solairu horretan daude Iruña-Veleian aurkitutako kapitel korintoarra eta emakumezko baten eskultura.

Museo bat baino gehiago

Baina Bibat ez da museo bat soilik, beste gauza askotarako erabiltzen da. Adibidez, askotariko ekitaldiak egiteko areto bat dauka, eta baita arkeologiako liburutegi espezializatu bat ere. Gainera, Arabako ondare arkeologikoa kudeatzeaz arduratzen dira museoan. Horrez gain, laborategi bat eta ikertzaileentzako areto bat ere badago. Museoaren bisitarientzat, familientzako zein helduentzako bisita gidatuak eta tailerrak antolatzen dituzte. Abuztuan bi asteazkenetik behin egingo dira bisita horiek, eta museora deitu beharko da erreserba egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.