PROPOSAMENAK

Baigura, zenbat gura

Baigura mendiaren eskuzabaltasunari esker, artzaintzak eta aisialdiak bat egiten dute aisia gunean. Denetarik bada: airez, oinez eta gurpilez

Elkarlanari esker, artzaintzak eta aisialdiak ez dute talka egiten. GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
2020ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Baigura mendiaren altzoan, telefonoak saretik at inkomunikatuak diren tokian, bada parada artzaintzaren babespean kirola egitekoa. Heleta (Nafarroa Beherea) eta Luhuso (Lapurdi) artean harrapatua da Baigura aisia gunea.

Denak eguraldiaren morroi, kabalak bezala, aktibitate guziak ere aire librekoak baitira: parapentea, mendiko bizikleta, ibilaldiak eta trotineta.

«Aktibitateak manera batez pentsatuak dira artzaintzaren ez trabatzeko. Artzaintzak eta mendiari lotu jarduerak bateratzea dute xedea, betiere elkarren erabateko errespetuan, hori da gure jokabidearen ardatza», azpimarratu du Delphine Seyres Baigurako aisia guneko animatzaile eta koordinatzaileak.

Horretarako, proposatzen dituztenak «arras arautuak» dira, aisian dagoena nola lanean dagoena berdin ongi senti dadin.

«Oinez ibili nahi duenak badu hauta: fauna, flora eta geologiaren deskubritzeko baitute ibilbide bat, euskarazko panelek lagundurik, familia guziarentzako on; haatik, 8 urtetik goiti. Iaztik, altxorraren bilaketa plantan ezarria dute, hori ere euskaraz», xehatu du animatzaileak.

Hegal egin nahi duenak parapentean egin lezake, aire bataioari esker, edo, bere baitatik egiten ikasteko kurtsoen bidez, betierehaizeak hala nahi balu.

Hegal egiteko trena

Tren ttipiak eramaten ditu kirolariak Baigura kaskorat; nahi duenak han piknika dezake, bertan hiru oreneko ibilaldi oso lasaia egin, eta oinez jautsi, deskubritze ibilbide markatutik, edo berriz ere trena hartu. Tontorreko bistaren edertasunak itsu lezake bisitaria. Orientazio mahaiaz gain, harrespilen nondik norakoak islatzen dituzten panelek eginen diote batzarri. Ortziralero, Baigurako artzain batekin finkatua dute hitzordua; ofizioa azaldu ondoan, gasna ahamen bat eta hurrupa proposatzen die inguratutakoei.

Mendiko bizikletaz eta trotinetez ere bada beheiti jiteko parada. Baldintzak zehaztu ditu Seyresek: «Gain hartatik jausteak 600 metroko desnibela du; mendiko bizikleta eta trotineta bereziki kirolariei zuzendua zaie, oren eta erdiz. Trotinetez, hala ere, badugu familia guziarendako bertze ibilbide bat: 45 minutukoa, 14 urtez gorakoendako». Gainera, badute eskaladan aritzeko eskaintza, bai ere zuhaitzetara sokei esker igaitekoa. Aktibitate oro profesionalek lagunduak.

Izerditutakoa saritu nahi bada, bada jan eta edateko manera, eguerdi parte luzean. Are, masajeak hartzeko bada parada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.