PROPOSAMENAK

Larhunen edertasuna

Ondare kultural eta natural paregabeko tokia da Larhun mendia. Gailurreraino oinez zein trenez iristeko aukera dago

Larhungo kremailera trena. JEAN-MARC DECOMPTE.
Miren Mujika Telleria.
2020ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Nafarroaren eta Lapurdiren artean dago Larhun mendia, eta ondare kultural eta natural paregabea gordetzen ditu. Larhungo trenari esker, Euskal Herriko tontorrik bisitatuenetakoa da. San Inazio mendatea eta Larhun mendiaren tontorra lotzen ditu trenak, eta 96 urte daramatza Larhungo tontorrera bisitariak garraiatzen.

Larhungo ingurune naturalak hainbat abere eta landare mota ikusteko aukera ematen du: pottokak, manex ardiak, Leonardo putrea...

Garaiera handiko mendia da Larhun (900 metro), eta ibilbide ugari ditu bi isurialdeetatik; hala nola Ibardin eta Lizuniaga inguruko muinoetatik. Baina, ziurrenik, bere panoramika zabala da Larhunen ezaugarririk deigarrienetako bat; Lapurdiko kostaldera eta Bidasoaren arrora ez ezik, Pirinioetako gailurretara eta euskal mendietara ere hedatzen da: Hernio, Aizkorri, Anboto, Oiz eta Gorbeia. Hori guztia oso nabarmena da egunik argienetan.

Gailurrera igotzeko, Larhungo Trein Ttikia izena duen trena dago. 1912. urtean ekin zioten gailurreraino iristen den trena eraikitzeari, Eugenia de Montijo enperatrizaren omenez. Lehen Mundu Gerrak, ordea, trena eraikitzeko lanak geldiarazi zituen, 1914tik 1919ra. 1919an jarraitu zuten eraikitze lanekin, baina lan haietan, 1924an, ezbehar bat gertatu zen abian zegoen trenean: baporezko lokomotorraren errota kremaileratik atera baitzen. Egoera hori konpontzeko lanei ekin, eta 1926. urtean inauguratu zuten burdinbide berria.

Hala ere, 1935ean, krisi ekonomikoak eta Bigarren Mundu Gerrak trenaren zerbitzua geldiarazi zuten. Hala ere, trenaren erabilera 1958an indartu zen berriro, Lapurdiko kostaldera zihoazen turistei zerbitzua emanez.

Gaur egun, tren horri esker, Euskal Herriko mendirik bisitatuenetako bat da Larhun. Hala ere, oinezkoek gailur horren bikaintasunez goza dezakete, eta edertasun handiko ibilbide asko ditu egiteko.

Koronabirusa dela eta, osasun agintariek ezarritako neurriak errespetatu beharko dituzte bisitariek Larhunerako bisitetan: derrigorrezkoa da maskara erabiltzea; jendearen arteko interakzioak saihesteko segurtasun neurriak errespetatu behar dira; gel hidroalkoholikoa jarri dute hainbat txokotan bisitarien eskura, eta tontorreraino doan trena bidaia bakoitzean desinfektatzen dute. Gainera, bisita egin ahal izateko, aldez aurretik erosi behar ditu bisitariak sarrerak, Larhungo webgunean: www.rhune.com helbidean, hain zuzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.