Bide Berdean barrena

Arditurriko Bide Berdeak aukera ematen du Oiartzun zeharkatu eta herriko lau museoak ezagutzeko. Aiako Harriaren magalean bukatzen da

Bide Berdea Arditurriko meatze gunera iristen da. GORKA RUBIO/FOKU.
ane insausti barandiaran
2021eko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Arditurriko Bide Berdea Oiartzungo (Gipuzkoa) lau museoetatik igarotzen da, eta Aiako Harriaren magalean amaitu. Naturarekin eta historiarekin bat egiten duen bidea da. Oinezkoentzat eta bizikletentzat soilik dago baimenduta, eta hamalau kilometroko joan-etorria proposatzen du. Oinez hiru ordu eta erdian egiteko modukoa da, eta bizikletaz, berriz, ordu eta laurdenean.

Ibilbidea hainbat lekutatik abia daiteke, bidegorriak hainbat sarrera baititu. Ugaldetxo auzotik hasiz gero, esaterako, ibilbide botaniko batekin topo egiten da, Altzibar auzora heldu arte: 125 landare espezie ikusteko aukera dago bertan, magnoliak, erramuak, platanondoak eta gorosti urdinak, adibidez.

Bidegorrian Elizalde auzoko sarreratik sartuta, ordea, Arizmendienea museoa ezagutzeko aukera dago: aurten ireki dute, eta XX. mendearen hasierako euskal burgesiaren oporretako etxebizitzen adibide da. Garai hartako bizimodua ezagutzeko aukera ematen du museoak, eta 2020an Interes Bereziko Ondare izendatu zuten. Etxearen beheko solairuan Oiartzungo Turismo Bulegoa dago.

Bidegorrian aurrera eginda, Ugarteko Errotara iristen da. Altzibar auzoan dago, Oiartzun ibaiaren ertzean. Beste hainbat errota, dorre eta burdinola daude bidean, eta duela hainbat mende eremu hartan zegoen jarduerarekin lotuta daudela ikus daiteke.

Aurrera jota, Ergoien auzora iristen da. Bertan beste bi museo bisita daitezke. Batetik, Soinuenea Museoa, Herri Musikaren Txokoa, non mundu osoko 400 musika-tresna eta jostailu batzen diren. Bestetik, Lurberri Geologia Museoa, Euskal Herriko historia geologikoa eta Oiartzungo ibarreko, Aiako Harria Parke Naturaleko eta Oiartzualdeko geologia aztertzen eta azaltzen dituena.

Ibilbidearen azken zatian Arditurrira iristen da, Meatze-aztarnategi Arkeologiko Erromatarrera. Hogei mendeko historia du meategiak, eta 1986. urtean utzi zuten jarduera bertan behera. Dena den, azpiegitura batzuk ikusgai daude oraindik.

Aiako Harriaren magalean bukatzen da bidea: Euskal Herriko multzo granitiko bakarrean. Duela 300 milioi urte inguru sortu zen, eta 800 metroko harria da. Behin hara helduta, beste hainbat ibilbide homologatu egiteko aukera dago: SL-GI1007 Arditurriko Bira eta PR.GI 1009 Arditurriko meategia, esaterako.

Informazio gehiago nahi izanez gero, Oiartzungo Turismo bulegoaren helbidera idatzi ([email protected]) edo (0034) 943-50 89 13 telefonora deitu daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.