Ferixa Nausikoak Elorrion

Hamaika plateren jaia

Kulturartekotasuna bultzatzeko jaialdia antolatu dute Elorrioko jaietako azken asteburuan. 11 naziotako janaria izango da osagai nagusia

Elorrioko herritarrak eta migratzaileak batzen ditu jaialdiak. KAINABERA ELKARTEA.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2019ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Ferixa Nausiko festen bigarren asteburuan murgilduko dira gaur Elorrion (Bizkaia), eta, bederatzi egunen ostean, igandean bukatuko dira aurtengo jaiak. Ekitaldi andana antolatu dituzte asteburu honetarako ere. Igande goizean, adibidez, Kainabera elkarteak antolatuta, Elorrioko kulturak dasta ditzagun jaialdia egingo dute herriko kaleetan.

Duela 25 urte sortu zen Kainabera elkartea. Hasieran, Afrika eta Hego Amerikako herrialde txiroetan proiektuak garatzea zen elkartearen helburu nagusia, Bixente Aizpurua elkarteko kideakazaldu duenez. Aizpurua garai hartan Lourdesko Ama ikastetxeko irakaslea zen, eta lehen urratsak bertako guraso elkarteari eta herritarren eskuzabaltasunari esker eman zirela azpimarratu du. Bogotan eskola bat eraiki zuten aurrena, eta harrezkero Kolonbian eta Nikaraguan hainbat proiektu dituzte esku artean. «Bere garaian Tanzanian egoteko aukera ere izan genuen». Jaietako jaialdia antolatzeko ideia, halaber, duela zortzi-hamar urte sortu zitzaien: «Kanpora begiratu bai, baina herrian bertan genituen migratzaileekin elkarlanean zerbait egin behar genuela iruditzen zitzaigun». Hain zuzen ere, Elorrion bizi diren migratzaileak herrian integratzea da jaialdiaren helburu nagusia. Jaietako azken igandean jartzen dute hitzordua urtero.

Kulturartekotasuna oinarrian, janaria izaten da jaialdiaren elkargunea. «Euskal Herrian jana eta edana errituala direla inork ez du zalantza jartzen, eta zer hobe herritarrak batzeko», esan du Aizpuruak. Nazio desberdinetako herritarren postuak jartzen dituzte, eta kolorez betetzen dira Elorrioko kaleak. Postu horietan herrialde bakoitzak bere janari tipikoa kozinatzen du. Aurten, besteak beste, 11 izango dira batuko diren herrialdeak:Venezuela, Portugal, Mexiko, Senegal, Kolonbia, Bolivia, Mali, Maroko, Argentina, Nikaragua eta Euskal Herria. «Askok urtero errepikatzen dute», azaldu du Aizpuruak.

Elorrioko herritarrek tiketak erosiz postuetan egindako janaria trukatzen dute. «Herritar askok tuperra ere ekartzen dute janaria etxera eramateko». Azken lau urteetan jaialdian batutako dirua,Zaporeak proiektura bideratzen dute, Grezian errefuxiatuei janaria banatzen dabilen elkartera.

Urte hauetan guztietan, Elorrioko herritarrek emandako erantzun «ikaragarria» azpimarratu nahi izan du Aizpuruak. Are gehiago, ekitaldi horrek jaietako egitarauari ohikoaz gain, «beste ukitu bat» ematen diola nabarmendu du Kainabera elkarteko kideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.