Iglu bat Urkiolan

Durangotik abiatzen den ibilbideak Neberondo ezagutzeko aukera ematen du. Antzina erabiltzen zen harrizko hozkailua da Neberondo

Neberondoko elur biltegia, Durangon. DURANGOKO UDALA.
Nerea Lauzirika.
2021eko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Durangoko Azoka da herriaren izena aipatuta gogora datorren lehendabiziko gauza, baina, kulturarekin lotutako planez gain, Durangok (Bizkaia) badu herria beste modu batera ezagutzeko aisialdi eskaintza ere. Esaterako, Neberondora doan osteratxoa. Harrizko iglu baten antza duen eraikuntza da Neberondo. Mugarra mendiaren magalean dago, eta egungo hozkailuen bertsio primitiboa da. Antzina, inguruko herritarrek baliatzen zuten, neguan elurra bertan gorde, eta elurrik ez zenean izotza erabiltzeko.

Egun, naturaz gozatzeko toki aproposa da Neberondo. Urkiola Parke Naturalean dago, otorduren bat egiteko mahaiz hornitua. Durangon hasten da bidea, baina mugakide dituen Izurtza eta Iurreta ere zeharkatzen ditu.

Neberondora iristeko, bi eratara egin daiteke bidea: oinez (11 kilometro) eta mendiko bizikletaz (hamahiru kilometro). Ibilbide desberdinak badira ere, biak igarotzen dira Neberondotik, eta bietan dago bidea aurretiaz ondo ikasi beharra, ez baitago ibilbiderako propio jarritako seinalerik.

Oinez zein bizikletaz

Oinezko ibilbidea San Roke baselizatik abiatzen da. Saihesbide azpitik igaro eta ezkerraldetik aurrera eginez, Durangoko balkoia aurkituko du ibiltariak. Bertan, aukera dago ikuspegi ederraz gozatzeko. Eskumako bidetik aurrera eginez, BitaƱo auzora doa bidea. Auzoan, Palazio baserria dago. XVI-XVII. mendeetako arkitekturari dagokio, eta Zabala familiaren armarria dago ikusgai bertan. Eskumako pistari jarraituz, Dolometa mintegia eta basozainen etxea dira hurrengo geldialdiak. Aurrerago, ezkerreko bidea hartuz, Neberondora doa ibilbidea.

Durangora bueltan, mendiko pistatik jaitsiko da ibiltaria, Santa Luzia auzorantz. Bidegurutzean ezkerrera jo behar da, eta Landaederra aisialdi gunean, berriz, eskumara. Kilometro batez asfaltozko bideari jarraituz, Orozketa auzoan amaitzen da oinezko ibilbidea.

Auzo horretarantz jo behar du bidea bizikletaz egin nahi duenak, B-4331 errepidetik. Lehen bihurgune itxian ezkerretara doan pista hartu, eta Neberondora doan porlanezko pistari jarraitu behar dio txirrindulariak. Bidegurutzean eskumara jo behar da, gorantz, Neberondora heltzeko.

Itzulera bertan dauden mahaien atzeko bidexka batetik egin behar da. Porlanezko bidera helduta, Santa Ageda ermita igaro, eta ezkerreko bidea hartu behar du txirrindulariak, Izurtzarantz. BI-623 errepidetik Durangoko noranzkoan aurrera eginez, herrian bertan bukatzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.