PROPOSAMENAK

Talaiatik itsasoari so

XVIII. mendeko arrantzale auzoaren esentziari eusten dio Algortako Portu Zaharrak. Elkargune dira hango eskailera eta kale estuak

Bisitari eta bertakoen txoko kuttuna da Algortako Portu Zaharra. A. LOIOLA / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2020ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Itsasadarraren balkoiaren itxura du Algortako Portu Zaharrak (Bizkaia). Harrizko kaleek eta itsasora begira dauden etxeek egiten dute berezi. Hain zuzen ere, itsasoan du auzoak jatorria. Zehazki, XVIII. mendean sortu zen, itsasgizon eta portuko langileen bizitoki gisa. Etxe gutxi ziren hasieran, eta, itsasbazterretik gora, hedatuz joan zen pixkanaka. Denborarekin, portuaren ondoan eraikitako etxeetatik gaur egungo Algortaren eremuraino zabaldu zen auzoa. Itxurak, baina, ia ez du aldaketarik izan urteetan: bere horretan jarraitzen dute arrantzaleen harrizko kaleak.

Abrako golkoari begira dago Algortako auzo zaharra. Itsasadarraren sarrera kontrolatzeko talaia ederra eskaintzen du, eta hala osatu du izaera auzoak. Beste hainbat tokitan bezala, kokapen geografikoak eman dio Portu Zaharrari izana; itsasbazterreko arrantzaleak eta lemazainak ziren orduko herritar gehienak. Bilboko portua helmugatzat zuten itsasontziei itsasadarrean sartzen eta ateratzen laguntzen zieten bertako herritarrek. Hain zuzen, hareatzak sortzen ziren Abrako itsasadarraren ahoan, eta, horietan ez trabatzeko, itsasontziak gidatzen zituzten garai hartako lemazainek. Halaber, urperatze ugari izaten ziren, eta, ondorioz, salbamendu estazioa sortu zuten auzo zaharrean. Izan ere, hortik datorkie bertako herritarrei zaintzaileen ospea. Gaur egun zutik mantentzen da begirale lan horiek egiteko erabiltzen zen Erriberamune petrila.

Urte luzez, belaunaldi askoren begiratokia izan da Erriberamune. Eta hezur-haragizkoak desagertuta, eskulturak jarri dituzte orain antzinako tradizio hori omentzeko. Sardina-saltzailea eta arrantzalea ikus daitezke han, itsasoari begira biak. Eta petrilaren alboan, Etxetxu izeneko eraikina dago. Etxeak duen atari zabala eta barrualdea inguratzen duten jarlekuek atentzioa ematen dute.

Turismoa bizibide

Erriberamunetik portura jaisteko dauden harrizko eskailerak, eguraldi ona dagoenean, bisitariek gogokoen duten txokoa dira. Uda sasoian lepo egoten dira. Itsasadarra begiztatzeko talaia du, eta eskaintza gastronomikoa ere oparoa da txoko horretan. Itsasotik baino gehiago, turismotik baitu ogibidea portu zaharrak aspalditik. Pasieran ibili nahi duenak ere badu aukera itsasbazterretik mugitzeko; kirol portura ala Bizkaiko Zubira joan daiteke Ereagako hondartzatik aurrera eginez. Aixerrota errotara eta Galeako itsaslabarrera ere joan daiteke, Arrigunagako hondartzaren bideari jarraituz gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.