PROPOSAMENAK

Oihartzunaren lilura

Aezkoa ibarrean, Nafarroa Behereko mugatik bost kilometrora dago Orbaizetako armaola. XVIII. mendean eraiki zuten ustiategia

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Peru Azpillaga Diez.
2020ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Nafarroako Aezkoa haranean dago Orbaizetako, eta hango pareta hondatuek mendeetako historia gordetzen dute. Ehunka lagunek egindako lanaren lekuko isilak dira. «Orbaitzetako arma-olaren/ horma zaharrak/ suzko ekaitz dardartsu guziak/ jaurtikiaz jasanik,/ kondaira urratu baten/ ezaugarri bezala,/ xoilki,/ bakardadean geldituak». Aezkoa ibarrean bisitatu daitekeen interesgunerik garrantzitsuenetarikoa da Orbaizetako armaola. Gaur egun, Benito Lertxundi musikariak hari eskainitako abestian deskribatu bezala ikus daiteke armaola zaharra.

XVIII. mendean eraiki zuten, Aezkoa mendiko ola zaharraren gainean. Tokia, ordea, ez zen ausaz hautatu. Inguruan egurra, meatzeak eta ibaiak izanda, martxan jartzeko beharrezkoak zituen lehengai guztiak baitzituen eskura. Fabrikaren helburua Espainiako armada arma eta munizioz hornitzea izan zen. Ustiategiak, baina, ez zuen luze jo, eta, mende batez lanean aritu ostean, ixtea erabaki zuten. Besteak beste, mugatik gertu egoteagatik jasandako suteen eta arpilaketen erruz.

Abandonatuta egon da geroztik, eta Lertxundik bere kantuan azaldu bezala, isiltasuna gailendu da fabrika gunean. Landaretzak hartu ditu hondakinak, hango harriak geruza berde batez estaliz eta inguruari xarma miresgarri bat eskainiz. Egun, bisitatu egin daitezke olaren hondakinak. 2007an Kultura Intereseko Ondasun izendatu zuten, eta 2014an zaharberritze lanak hasi zituzten. Izan ere, giro misteriotsua izateaz gainera, Argien Garaiko arkitektura industrialaren eredu bikaina da.

Olaren goialdean, ostatua, eskola, eliza, agintarien jauregia eta langileen etxebizitzak zeuden. Beheko partean, berriz, lantegia bera. Horrekin batera, erdialdean, bi labeak, munizioen garbitegia, sarraila eta molde tailerrak zeuden, eta alboetan, ikaztegiak eta mea biltegiak. Egurrezko pasabideek olaren sailak elkarrekin lotzeko balio zuten. Hortaz, olaren arkitekturak zenbait mailatan lan egiten zela adierazten du.

Bere garairik onenean, 150 langiletik gora izan zituen armaolak eta haien familiekin eta zaintzako tropekin batera bizi ziren Iratiko oihaneko fabrika gune hartan. Malli Txapar orbaizetarrak, esaterako, 2018an kaleratutako Historia de la Real Fábrica de Municiones de Orbaizeta liburuan biltzen du olaren historia.

Iratiko basoan bertan egonda, gainera, hainbat dira olaren inguruetatik egin daitezkeen ibilbideak. Hala nola Urkulu eta Mendilatz mendietara igo, eta Arpeako koba bisitatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.