PROPOSAMENAK

Errailen lorratz berdea

Vasco-Navarro trenaren azpiegiturak eraitsi egin zituzten, eta bide berdeak dira orain. Gasteiztik Estibalizko santutegiraino joan daiteke

Vasco-Navarro ibilbide berdearen zati bat, Gasteizen. BERRIA.
jone arruabarrena
2020ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Vasco-Navarro trenak eta trenbideak Bergara (Gipuzkoa) eta Lizarra (Nafarroa) lotzen zituen. Trenbidea 1887. urtean eraikitzen hasi baziren ere, 1927. urtera arte ez zuten ibilbide guztia bukatu, eta orduantxe hasi zen oso-osorik martxan.

Hala ere, Estibalizko santutegiko(Gasteiz) monje beneditarrek eskatu zuten trena santutegiraino hel zedin, eta, haien eskakizunari jarraituz, 1951. urtean trenbidearen adarra eraiki zuten: Donejakue bidea gurutzatuz, Andre Mariaren santutegiraino heltzen da. Adarra, hala ere, ez zen luzerako izan: 1967. urtean trenak gelditu egin zituzten, eta behin txistuak asaldatutako Arabako lautadak isiltasuna berreskuratu zuen berriz. Orduz geroztik, hango azpiegitura gehiena eraitsiz joan dira, eta naturguneak eta bide berdeak eraiki dituzte.

Gasteiztik Estibalizko santutegira, esaterako, aukera dago hamabost kilometro inguruko ibilbide bat egiteko, oinez zein bizikletaz. Hiriaren hegoaldetik hasita, Oreitiasoloko industrialdetik, Olaranben errepide gainetik igarotzen den pasabidea zeharka daiteke. Handik ezkerrera joz gero, ibilbide berdeari hasiera ematen dion kartela ikus daiteke.

Hortik aurrera, atzean gelditzen da hiriko giroa, eta Arabako lautada zabaltzen da parez pare. Tarte horretan, nonahi daude inguruneari buruzko informazio panelak.

Otazu eta Aberasturi herrietatik ere igarotzen da bidea, eta, herri horietan eta inguruko guneetan, gaur egun aterpetxe edo etxebizitza bihurtu diren geltoki zaharrak ikus daitezke. Aurrera jarraituz gero, Ardoaren eta Arrainaren Ibilbidearekin bat egiten du bideak; hain zuzen ere, handik abiatzen da Estibalizko santutegira daraman desbideratzea. Arabako eliza erromaniko ikusgarrienetako bat da Estibalizko santutegia; fatxada nagusia XII. mende amaierakoa da, eta santutegiko erdiko erretaulan, Estibalizko Andre Mariaren irudia ageri da, XI. mendekoa.

Interpretazio zentroa

AntoƱanara iristean, Vasco-Navarro trenbidean ibili ohi ziren hiru tren bagoi ikus daitezke. Orain, ordea, guztiz eraberrituta daude, eta Vasco-Navarro trenbideko bide berdeen interpretazio zentroa dago bagoi horietan.

Trenbidea izan zenaren inguruan egin daitezkeen ibilbideak erakusten dituzte han, baita Izkiko Parke Naturalaren inguruko informazioa ere. Horrez gain, trenbidearen historia islatzen duen erakusketa bat ere badago. Gainera, bideak bizikletaz egin nahi izanez gero, alokatzeko aukera ere badago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.