PROPOSAMENAK

Xabierkoaren bideak

Sei ibilaldi egin daitezke Xabierko gazteluaren inguruetan. Frantzisko Xabierkoa bizi izan zen gazteluko museoa egunero bisita daiteke

Xabierko gazteluan dagoen basilikaren ataria. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Iker Tubia.
2021eko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Bidaia luzeak egindakoa zen Frantzisko Xabierkoa. 1506an sortu zen, Nafarroako Erresuman, eta Asiara jo zuen misiolari. Txinan zendu zen, 1552an. Haren historia ezagutzeko leku egokia da haren sorterria, Xabier (Nafarroa), eta bertan dagoen gazteluko museoan, Nafarroako santuaren bizitzan bidaia egiteko aukera dute bisitariek. Gaztelua bisitatzeaz gain, bestelako bideak egiteko parada ere eskaintzen du herriak: sei ibilaldi, denak gaztelutik abiatzen direnak. Egun pasa egiteko aukera bat da inguruak ezagutu eta gazteluari bisita egitea.

Ibilaldi txikia egin nahi dutenek bi aukera dituzte: Ubidearen bidea edo Molinazera joaten den bidea. Ordu baten buruan egin daitezke ibilaldi horiek, eta ez dute desnibel handirik. Bide pixka bat luzeagoa da Adios haitzetik eta Castellar menditik igarotzen dena. 8,5 kilometroko bidea da, 300 metroko desnibelarekin, eta bi ordutan egin daiteke. Horrek ere gaztelua eta Xabier herria zeharkatzen ditu.

Donejakue bidea ere egin liteke: Undoze Lerdatik (Espainia) Zangozara (Nafarroa) doa, eta Xabiertik igarotzen da. Aita Sainduaren bidea litzateke azken aukera. Hamahiru kilometro ditu, eta 250 metroko desnibela. Hiru orduko bide horrek itzuli handia egiten du Xabier inguruko lurretan, gazteluan hasi eta bukatuta.

Frantziskorenean

Ibilaldiak egin ondoren, gomendagarria da Frantzisko Xabierkoaren gaztelua bisitatzea. Sarrera libre da basilika ikusteko, baina gaztelua barrutik ezagutu nahi duenak sarrera ordaindu beharra du. Nafarroako santuaren bizilekua bertatik bertara ikusi liteke han, eta haren bizitzari eta bidaiei errepasoa eman.

Gaztelutik inguruetako mendiak ikusteko parada ere badago, eta aurreko plaza zabala, garai batean bertakoen bizilekua. San Migelgo dorrea zutitzen da han, herriko bandera gainean duela, baina ezin da goraino igo. Toki berezienetako bat Kristo Irribarretsuaren irudia duen kapera da. XIII. mendeko egurrezko taila bat da, eta inguruan eskeletoak dantzan ageri diren hormairudia dago. Europan halako 50 baizik ez dira ezagutzen.

Gaztelua bisitatzeko, hobe da aldez aurretik erreserba egitea, edukiera mugak baitaude COVID-19aren pandemia dela eta. Bestela, tokia egon arte zain egon behar da. Gaztelua irekia da egunero, 10:00etatik 18:30era, eta bisita gidatuak ere eskaintzen dituzte, 11:30ean eta 16:30ean. Bisita horietako batean parte hartzeko, beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea, eta taldeek bisitak eska ditzakete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.