PROPOSAMENAK

Debarren altxorrak

Flyscharen ibilaldia egiteko ez ezik, herrian dagoen XVI. mendeko ondarea ezagutzeko aukera ere ematen du Debako turismo bulegoak

JON URBE / @FOKU.
Ane Markina Auzmendi.
2021eko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Itsasoak, mendiek eta ibaiak inguratzen duten herri bat da Deba (Gipuzkoa). Debabarrena eskualdean dagoen herri txiki bat da. 5.460 biztanle ditu, eta dituen bost hondartzengatik ezaguna da: Santiago, Lapari, Aitzuri, Mendata eta Sakoneta. Lehen biak elkarren ondoan daude; beste hirurak harrizkoak dira, eta herrigunetik kanpo daude. Hala ere, herria bisitatzera joaten direnentzat, hamaika plan aurkezten ditu herriko turismo bulegoak; flyscharen ibilbidea eta Santa Maria elizarako bisita, besteak beste.

Flyscharen ibilbidea egiteko, bi aukera daude: Deba-Zumaia edo alderantziz, Zumaia-Deba. Zumaia eta Deba lotzen dituen hamalau kilometroko ibilaldia da.

Zumaiako San Telmoko ermitan has daiteke bidea, eta handik ikus daiteke flyscha. Itsasertzera jaitsi, eta, bide estu bati jarraituz, Debarantz joaten da, eta leku paregabeak ikusten dira han: Sakoneta eta Mendaro kalak eta Salbe begiratokia, besteak beste.

Ibilaldia amaitzeko, GRaren marka gorri eta zuriei jarraituz, San Roke ermitara iristen da; aldapan behera joanda, Debako herrigune historikoan amaitzen da lau orduko ibilbide ederra.

Hainbat ondare herrian

Flyscha bisitatu ostean, Zumaia edo Debara bueltatzeko bi aukera daude: trenez eta barkuz (udan). Turismo etxeak bi aukera horiek aurkezten dizkie bisitariei, tren eta barku zerbitzuak eskainiz.

Ibilaldiaz gain, herri barnean ikusteko hainbat ondare erlijioso, arkeologiko eta zibil daude. Horrexegatik, herriaren historia eta eraldaketa azaltzen duten panelak daude herrian. Hala ere, Debako turismo bulegoak Santa Maria elizarako bisita gidatuak antolatzen ditu, ordu eta erdikoak. Gipuzkoako elizarik ikusgarrienetakoa da, eta Debako alde zaharraren erdigunean dago. Klaustroa, portada polikromatua eta sakristiako harlanduzko lan ederrak ditu. Eliza, uztailean, goizez irekitzen dute soilik, 10:00ak eta 13:00ak bitartean. Baina klaustroan erakusketa bat dagoela eta, arratsaldez ere irekita dago uztailean.

Turismo bulegoko ibilaldi edota bisita gidatuan parte hartzeko, Internet bidez edo bulegoan bertan eros daitezke sarrerak, eta segurtasun neurriak betetzea beharrezkoa da. Bisita horiek euskaraz egiteko aukera dago.

Horrez gain, herrian zehar ibiliz, beste ondasun batzuekin topo egin daiteke: esaterako, Gurutze ermita edo Itziarko santutegia. Azken hori ere ikusgarria da, Andres de Araozek eginiko erretaula platereskoa baitago bertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.