PROPOSAMENAK

Hazparnen barrena

Hazparneko eraikinek hiriaren karga historiko handia salatzen dute. Alain Londaitzbeherek astoz egin daitekeen bisita proposatzen du

Basotik landa, Hazparne gaineko bistak ikusgarriak dira. ALAIN LONDAITSBEHERE.
Ainize Madariaga
2021eko uztailaren 20a
00:00
Entzun

Hazparnek (Lapurdi) lo badirudi ere, aspaldi da inurritegiko galeriak zulatuak dituela. Aski da eraikinen tamainaz ohartzea, garai bateko hiri industrialaren irudikatzeko: zapatagintza.

 

Alain Londaitzbeherek euskarazko bisita gidatuak egiten ditu Hazparnen, baita astoz ere. Bizpahiru oreneko itzulia da, Hazparne bisitariari aurkezteko.

Santa Teresa eskola katoliko pribatutik abiatzen da haren ingurua; hor aski da autoaren aparkatzea, Zelai auzora buruz.

Hortik goiti segituz, Hazparneko lehen iturrirat heltzen da. Jon Donaneko iturria da: «Erromatarren otoitz lekua zen; Lucus deitzen zaio haien gune sakratuari». Ezaguna da erromatarrek Hazparnen utzi zuten herexa: elizako aldare nagusian III. mendeko estela erromatarra lekuko, zeinak markatzen baitu Novenpopulania Akitania erromatar probintziaren sorrera. Idatzian Verus delako batek eskerrak ematen dizkio jainko bati lurraldea Galiatik bereizi zelako.

Hortik hurbil, Larrazkena dago. Orain zahar etxea den eraikinak da bigarren bisitalekua. Jatorrian, Ahaizparrena zuen izena. Erdi Aroko eraikin horretan ospitalea paratu zuten, Done Jakue bidea handik iragaten baitzen.

Itzuliarekin segituz, Hazparneko eiherarekin topo egiten da, Zelai auzoan geldituz, betiere. Londaitzbeherek estimatzen du Cassiniren kartografia: «Orain badakigu Ipar Euskal Herriko errota gehienak non diren. Hau Hazparneko lehen argindar zentrala izana da».

Goiti aitzinatuz, haritzaren parean geldialdia egin du gidak. Azpimarratu du bi aldiz dela garrantzitsua zuhaitza; alde batetik, Gernikako arbolari loturik, baina, bertzetik, Hazparnen berean: «Haritzaren azalari esker kausitzen zuten tanua, larrua lortu eta gero horrekin zapatak egiteko».

Urtsua mendiaren magalean pausaño bat egin du; gidak ez du bazterrean uzten Nafarroako Erresumaren aipua.

Hazparnera buruz hurbiltzen hasiz, herriko etxeen ederraz gozatzeko parada ematen du guneak: «Bisitariei azaltzen diet etxea ez dela gurea, gu garela etxekoak. Etxearen garrantziaz ohartarazten ditut. 1658. urteko etxalde zaharra dago hartan» .

Metro batzuk segituz, Iratiko basoaren eta Urtsua, Garralda, Abarratia eta Larhun mendien bista preziatzeko unea da.

Jautsiz, misiolariek 1870an eraiki zuten kalbarioan sartzea proposatu du Londaitzbeherek.

Basoa zeharkatuz, izaki mitologikoen berri eman du, Hazparne gaineko bistaz gozatu bitartean.

Bisita antolatzeko, dei Londaitzbehere: (00 33) 677-90 10 08.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.