Koronabirusa

EBk onartu du txertoen auzian «baikortasun gehiegizkoa» izan zuela

Europako Batzordeak ez du baztertu «uda amaierarako» biztanleen %70 txertatzeko xedea. AstraZenecaren txertoa, adinekoei ere bai

AstraZeneca konpainiak egindako txertoa. LUCCA ZENARO / EFE.
Ion Orzaiz - Edurne Begiristain
2021eko otsailaren 11
00:00
Entzun
Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek atzo aitortu zuen Europako Batasunak «gehiegizko baikortasunez» jokatu zuela COVID-19aren aurkako txertoak ekoizteko eta horiek banatzeko epeak kalkulatzeko tenorean: «Sinetsita geunden erreserbatu eta ordaindu genuen hori garaiz entregatuko zela». Berretsi zuen, hala ere, Europako biztanleen %70 inguru «immunizatua» egonen direla «uda amaierarako». Europako Batasunaren estrategia bateratuaren alde hitz egin zuen Von der Leyenek: «Ez dut pentsatu nahi zer gerta zitekeen herrialderik handienek berentzako txertoak bermatu eta herrialde txikiak bazter batean utzi izan balituzte. Burugabekeria izan zitekeen, gure komunitatearen bukaera». Europako Parlamentuan egin zituen adierazpenok Von der Leyenek. Hainbat taldek eskatua zuten agerraldia, txertaketaren gaineko kudeaketari buruzko azalpenak eman zitzan.

Europako Batzordeak 2.300 milioi dosi erreserbatu ditu, enpresa hauekin kontratu konfidentzialak sinatuta: Pfizer-BioNTechekin (600 milioi dosi gehienez), AstraZenecarekin (400 milioi), Sanofi-GSKrekin (300 milioi), Johnson & Johnsonekin (400 milioi), CureVacekin (405 milioi) eta Modernarekin (160 milioi). Horiez gainera, Novavax eta Valneva laborategiekin ere negoziatzen ari da Brusela, datozen hilabeteetan baimena jaso lezaketen txertoen dosi gehiago eskuratze aldera. Europako Parlamentuko talde gehienek, ordea, Europako Batzordearen jokabidea txarretsi dute, era ilunean jardun eta multinazionalekin «malguegi» aritu delakoan: «Umiliazio eta ezintasun sentsazio bat orokortu da legebiltzarreko taldeen artean», azaldu du Pernando Barrenak, EH Bilduk Bruselan duen europarlamentariak. Ez da zalantzak agertu dituen bakarra: Europako Parlamentuko liberalen taldeak ere (Renew Europe) kritika egin du. Talde horretan dago EAJko Izaskun Bilbao europarlamentaria, eta aldaketa eskatu du: «Gardentasuna behar dugu, egutegi argi eta fidagarri bat».

AstraZenecaren txertoa

AstraZeneca konpainiak egin duen txertoa zein adin tarteetako pertsonei eman dakiekeen, eztabaidarako zioa da azken egunotan. OME Osasunaren Mundu Erakundeak eman zuen atzo bere irizpidea: 65 urtetik gorakoek ere har dezakete. Espainiako Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoetako ordezkariek eguneratu egin zuten txertaketa estrategia astearte arratsaldean, eta AstraZenecaren txertoa jartzeko lehentasuna izango duten kolektiboak zehaztu zituzten.«Ezinbesteko langileei» jarriko zaie aurrena txerto hori, eta ez egoera «zaurgarrian» dauden gaixoei. Txertatzen lehentasuna izango duten kolektiboaren barruan honako hauek daude: militarrak, poliziak, larrialdietako langileak (suhiltzaileak, Babes Zibileko langileak eta espetxeetako funtzionarioak) eta irakasleak (Haur Hezkuntzako irakasleak, behar berezietako irakasleak, eta Lehen eta Bigarren Hezkuntzakoak).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.