Emakumezkoen futbola. Testigantzak

Harriz harri, eraikina eraiki

Batzuk izan zirelako dira oraingoak, eta belaunaldiz belaunaldi joan da osatuz bidea emakumezkoen futbola. Aitzindarietako bat izan zen Ixiar Bakero, Añorgan, eta, ondoren, beste batzuek hartu zuten lekukoa. Horien artean daude Eba Ferreira eta Maite Lizaso, egungoaren aurreko katebegiak
JON URBE / FOKU

Aitor Manterola -

2019ko ekainak 2
IXIAR BAKERO
«Epaileek ere iseka eta burla egiten ziguten hasiera hartan»
Balentria handia egiten ari zirela konturatu gabe ziurrenik. Horrela ekin zioten Ixiar Bakerok (Goizueta, Nafarroa, 1969) eta lagunek emakumezkoen futbola sustatzeari Gipuzkoan. Aurreko mendeari dezente geratzen zitzaion oraindik akabera ikusteko, eta 1980ko hamarkada hasi baino ez zen egin. Añorgan, neska multzo bat futbolean jokatzen hasi zen, Amasorrain Ikastolako jolaslekuan eta auzoko kaleetan. «Horrela hasi ginen. Futbola gustatzen zitzaigun, baloia hartu genuen, eta han ekin genion». Beharko kalean jolastu, neskentzat beste aukerarik ez zegoelako: «Añorgako zelaia etxe ondoan geneukan, baina ez zegoen nesken talderik eta ez ezer». Hazia nork eta nola jarri zuen ondo gogoan dauka Bakerok: «Ikastolako jaialdia zetorren, eta irakasle bati bururatu zitzaion nesken partida bat antolatu behar zela. Onartu zioten proposamena, eta egitarauan azaldu zen». Arrakasta izan zuen: «Neska askok eman genuen izena, eta partida hura izan zen denaren hasiera».

Handik hilabete batzuetara, Donostiako hondartzako txapelketara gonbidatu zituzten: «Nola aurkari bakarra genuen, Oiartzun, finala jokatu genuen zuzenean, eta irabazi ere bai». Txapeldun atera zenez Añorga, Espainiako Kopa jokatzeko aukera izan zuen, baita finalera iritsi ere: «Ez ginen nahikoa jokalari talde bat osatzeko, eta Oiartzunekoekin bat eginda aritu ginen. Finalean galdu egin genuen Deportivoren aurka. Zelai handian jokatzen genuen aurreneko partida hura izan zela uste dut».

Kopa jokatzeko tranpetan ibili behar izan zuela onartu du Bakerok: «15 urte eduki behar ziren jokatu ahal izateko, eta nik ez nituen. Hortaz, fitxa faltsuarekin jokatu nuen». Joan zen haziz Bakero, eta gauza bera egin zuen Añorgak ere, emakumezkoen taldearekin. Maila ona lortu, eta titulu asko irabazi zituzten, Bakero tartean zela: «Espainiako liga eta Kopa hirutan irabazi genuen bakoitza».

Oso ondo barneratua dauka aitzindariak izan zirela, eta egin ez balute egin zutena oraingo hau dena, agian, ez litzatekeela egongo: «Ez ginen konturatzen zertan ari ginen hasiera hartan, baina guk sortu genuen taldea. Pauso hura guk eman genuen, eta oso ausartak izan ginen, dena kontra genuelako. Futbola gizonezkoena zen erabat, eta neskek ezin genuen jokatu». Ondo gogoan dauzka nolako irainak entzuten zituzten: «Mari-mutil eta halakoak oihukatzen zizkiguten». Eta ez bakarrik ikusleen aldetik: «Epaile batzuek ere iseka egiten ziguten, barre». Baina aurrera egin zuten, kikildu gabe, eta ilusioz begiratzen die egungo egoerari: «Egundoko ilusioa egin digu Realak Kopa irabaztea eta izan duen babesa ikustea. Egia da irabazlearen ingurura errazago dela gerturatzea, eta ikusi egin beharko da zer gertatzen den irabazten ez denean, baina oso garbi dut bide hau gorantz doala, eta geldiezina dela».

Oraingo jokalari askori pentsaezina egingo zaie imajinatzea nola ibiltzen ziren Bakero eta gainerakoak: «Babesle bila ere gu ibiltzen ginen, baita lortu ere batzuk. Arroparena ere ahal zen bezala egiten genuen, eta, jokatu ere, hasieran ez genuen Añorgan jokatzen, Usurbilen baizik, hondarrezko zelaian. Beste garai batzuk ziren, ezberdinak, baina oztopoak oztopo, bidea urratzea lortu genuen denon artean».

EBA FERREIRA
«Athleticen, dietak soilik jasotzen genituen. Lotsagarria zen»
Aitzindarien lekukoa hartu zutenetako bat izan zen Eba Ferreira (Barakaldo, Bizkaia, 1973). Bizkaiko emakumezkoen futbolean erreferentzia handietako bat da, eta, gaur egun, Athletic dena ezagutu arteko pauso guztiak ia bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuen. Gailurrera heltzeko, baina, ordekan eman behar aurreneko pausoak, eta hantxe zen Ferreira: «Ikastolan hasi nintzen jokatzen, 1989an, lagun batek esan zidalako. Baina ez zegoen nesken talderik, eta beste norabait joan beste aukerarik ez nuen izan».

Sondikan hartu zuen lur, orduan ere lagun batek eskatuta: «Taldea zeukan Sondikak, eta lagunak esan zidan zergatik ez nintzen joaten probatzera. Saiatu beharra neukala, eta gutxienez, ikus nintzatela. Santurtzi nire herritik Sondikaka kilometro asko daude, eta etxean esan nien gurasoei laguntzeko. Niretzat eromena zen hainbesteko bidea egitea futbolagatik, baina gurasoek baiezkoa eman zidaten, eta han joan nintzen».

Joan, entrenatu, baleko lana egin, eta Sondikako jokalari bilakatu zen Ferreira: «Amak edo aitak eraman eta ekartzen ninduten, eta eskerrak haiei». Sondikan zer aurkitu zuen kontatu du: «Oso ondo sentitu nintzen hasieratik han; ondo egindako taldea zen hura». Gustura ibili zen, bai, bederatzi denboraldi osatu zituelako. Gustura egonagatik ere, nabarmenak omen ziren gizonezkoei eta emakumezkoei ematen zieten tratuan zeuden ezberdintasunak: «Lehentasuna gizonezkoen taldeek zeukaten, eta gu azkenak ginen arlo guztietan. Gogoan daukat ez genuela aldagelarik. Epaileak aldatzen ziren batean aldatzen ginen, eta oso txikia zen. Azkenak ginenez entrenatzen, guk bukatzerako beste taldeak ospa eginda egoten ziren, eta orduan sartzen ginen aldagela handietara. Zelaia hondarrezkoa zen, eta, eguraldi txarra egiten zuenean, entrenamenduko arropak hatz puntekin hartu eta aldagela hartara joaten ginen». Urteen joanean, egoera hobetuz joan zela dio, «baina azkenak gu ginen denean, hala ere».

Sondikako abentura luzea utzi, eta Bilbo taldean aritu ondoren, Leioan ekin zion: «Bizkaiko ligan lehiatzen ginen, ondo ibiliz gero, Euskadikoan jokatzeko aukera izaten genuen, eta goi-goian, Superliga zegoen». Denboraldi batean, igo egin zen Leioa: «Lortu genuen balentria, eta, justu urte hartan, Athleticek osorik hartu zuen gure taldea, emakumezkoena sortzeko». Ferreira laino batean ibili zen orduan: «Athleticen jokatzea ametsa baino gehiago zen niretzat, eta bete egin nuen». Baita San Mamesen jokatu ere: «Betiko oroitzapena izango da egun hura». Dena ez izan polita, baina, Athleticen ere: «Diru aldetik dietak ematen zizkiguten, ez besterik, eta lotsagarria zen. Orain hobetuz joan da, baina hala ere... Lau liga irabazi eta gero, lanera joaten naiz ni, eta gizonezkoek, aldiz, ezer irabazi gabe bizitza eginda daukate».
 



MAITE LIZASO
«Inbidia pixka bat ematen dit oraingo honek guztiak»
Zarautz, Reala eta Athletic. Horixe da Maite Lizasoren (Zarautz, Gipuzkoa, 1983) ibilbidea futbolean. Entrenatzaile lanetan dabil orain herriko taldean, haurrekin. Halakoxea zela ekin zion berak ere futbolari, herriko hondartzako txapelketa ospetsuaren harira: «Gelako lagunekin taldea osatu, eta han hasi ginen». Ondorengo urrats logikoa herriko taldean sartzea zen, eta halaxe egin zuen: «12-13 urterekin ekin nion Zarautzen, eta gogoan dut talde bakarra zegoela klubean, baina herrian bazela beste talde bat: Antoniano». Beste ikastetxe baten izenean egin zituen klubaren barruko lehen bi urteak: «Lizardi Institutuaren izenean jokatzen genuen, baita han entrenatu ere. Edo, bestela, La Salle ikastetxean, edo Astiko harrizko zelaian», gogoratu du zarauztarrak.

Orduan, Zarautzen bi futbol zelai handi zeuden, biak ere Astin, eta bat belarrezkoa zen: «Gure zelaia harrizkoa izaten zen, harik eta Nazional Mailara igo ginen arte. Espainiako Bigarren Maila zen hori, eta, igoera lortutakoan, belarrezko zelaian jokatzen hasi ginen». Liga horretan jokatzea «goia jotzea» izan zela dio: «Guretzat gailurra zen, koska bat gorago Superliga bazegoen ere». Baina denboraldi batean, liga nagusiarekin ametsetan ere ibili omen ziren: «Lehen itzulia lehen postuan amaitu genuen, baina segituan konturatu ginen maila nagusira igotzea ez zela guretzako, bigarren itzuliak gure lekuan jarri gintuelako». Zarautzen emakumezkoen talde hura ia puntan zegoen lehiaketa aldetik, baina nolako babesa zeukan klubaren aldetik? «Baziren bi pertsona klubean emakumezkoen alde sekulako lana egiten ari zirenak Agustin Belmonte eta Sebastian Martija, eta haien bultzadari esker, gauza asko lortu genituen». Entrenamenduetako arropa klubak zelaian bertan garbitzea izan ezik: «Gizonezkoen talde nagusiari klubak garbitzen zizkion arropak, baina emakumezkoei, aldiz, ez».

Zarauzko aroa amaitutzat eman, eta Realera jo zuen Lizasok. Han zer aurkitu zuen kontatu du: «Beste mundu bat zen azpiegitura aldetik; seriotasun handia zegoen». Denboraldi batzuk Realean egin eta gero, Athleticen eskaintza onartu zuen, eta «han ere antzeko genbiltzan baliabide aldetik». Bazen, baina, ezberdintasun bat, Realarekin alderatuta: «Soldata kobratzen genuen. Athletic hasia zegoen emakumezkoen futbolari garrantzia ematen, eta Reala ez oraindik». San Mamesen jokatzeko aukera izan zuen: «Txapeldunen Ligako partida batean izan zen lehen aldia. Inoiz ez zait ahaztuko».

«Inbidiaz» begiratzen dio emakumezkoen futbola bizitzen ari den loraldiari: «Inbidia pixka bat ematen dit oraingo guztiak. Ondo iruditzen zait hartu den bidea, baina hamar urte geroago jaio izan banintz...», dio txantxetan. Gerora begira, bi aipamen egin ditu: «Zaila izango da lortutako guztiari eustea, eta bukatzeko, hau eskatuko nieke Reala eta Athletici: beti Anoetan eta San Mamesen jokatzea».



 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: