Koronabirusa

Gorriz markatu ditu hilaren 29a eta urtarrilaren 12a Europako Batasunak

Egun horietan egingo ditu Europako Botika Agentziak lehen txertoei onespena emateko bilerak

Osasun langile bat Modernaren txertoa jartzen boluntario bati. BIONTECH SE / EFE.
arantxa iraola
2020ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
EMA Europako Botiken Agentziak jakinarazi du heldu zaizkion COVID-19aren kontrako lehen bi txertoei onespena emateko hasi berri dituen prozesuak nola bideratzeko asmoa duen; ondo bidean, abenduaren 29an Pfizer botika etxeak garatu duen txertoari onespena ematea da asmoa, eta Moderna konpainiak egin duenari urtarrilaren 12an. Hain justu, batzar ezohikoak ditu propio antolatuta egun horietarako, eta horien xedea izango da txerto horien ebaluazioa bukatzea. Pandemia betean, gorriz markatuta daude bi egunak egutegietan. Agentziako iturriek onartu dute, hala ere, atzerapenak egon daitezkeela ezarritako data horietan.

Prozesuak «gutxienean» hilabete iraungo duela nabarmendu dute. «Oso azkar» egiten ari direla esan dute, baina ezinbestean ziurtatu behar dutela, botika konpainietatik helarazten dizkieten datuak aztertuta, txertoak «kalitatezkoak, seguruak eta eraginkorrak» direla. Gogoratu dute erantzun azkar horri bide eman ahalko diotela, hein handi batean, izurriak eragin duen egoeraren larriaz jabetuta, urrian hasi zirelako botika etxeek emandako hainbat informazio aztertzen.

Behin onespen hori lortuta hasi ahal izango dute botika etxeek EB Europako Batasunean txerto horien salerosketa. Horren alde dagoela esango dio agentziak Europako Batzordeari, eta egun batzuen buruan hark irekiko die botika etxeei merkatuko atea.

«Baldintzapeko» baietzak

Emango zaizkien baimenak, betiere, «baldintzapekoak» izango direla nabarmendu dute agentziako ordezkariek; izan ere, normalean eskatzen dituzten baino datu gutxiago kontuan hartuta emango dituzte, pandemiak sortu duen egoeraren larritasuna horretarako motibotzat hartuta. Gero ere, txertoei buruzko informazioa ematen jarraitu beharko dute botika konpainiek, behin betiko onespena lortzeko.

Espainiako Gobernuak lehengo astean eman zituen COVID-19aren txertoa jartzeko kanpainaren ezaugarriak; urtarrilean hasi nahi dute, 65 urtetik gorakoak eta patologiaren bat dutenak lehenetsita. Frantziako osasun agintariek urtarrilean hasi nahi dute talde zaurgarrienekin, eta zabaldu nahi dute gero udaberrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.