Batzorde bat sortuko dute Nafarroa lizeoko bi neskak eta senideak laguntzeko

Ustezko bi erasotzaileak behin-behinean kanporatu dituzte lizeotik, eta diziplina batzordetik pasatu beharko dute hamar eguneko tartean

Donibane Garaziko Nafarroa lizeoa, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat - Maddi Ane Txoperena Iribarren
2020ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Donibane Garaziko Nafarroa lizeoko hainbat mutilek lizeo bereko bi neska gazte bortxatu zituztela zabaldu zen asteartean, eta, atzo, Frantziako Hezkuntza Nazionaleko iturriek jakinarazi zuten ustezko bi erasotzaileak kanporatu egin dituztela ikastetxetik. François Xavier Pretel Pirinio Atlantikoetako akademia ikuskariak jakinarazi duenez, biktimak eta haien senideak laguntzeko batzorde bat ere sortuko dute. Psikologoz eta laguntzaile sozialez osatua egonen da taldea.

Lizeotik kanporatu dituzten mutiletako batek 17 urte ditu, eta besteak, 18; ezinen dira ikastetxera itzuli, behin-behinean. Hamar eguneko tartean, gainera, diziplina batzordearen aitzinetik pasatu beharko dute. Marc Marie prokuradoreak baieztatu zuenez, joan den astean gertatu zen bortxaketa, ustez lizeotik kanpo, eta bi ikasle atxilotu zituzten bortxaketarekin lotuta. Donibane Garaziko Jendarmeriaren esku dago orain kasua. Ikasleen artean asaldura sortu du berriak, eta Euskal Herriko hainbat ikastetxetan protestara deitu dute biharko, Gora Ikasleon Borroka dinamikak deituta. Baionako Bernat Etxepare lizeoan, 13:15ean eginen dute protesta.

Iruñean, bi urteko zigorra

Iruñeko 2017ko sanferminetako bortxaketaren argazki bat zabaldu zuen gizonezkoari, berriz, bi urte eta egun bateko espetxe zigorra ezarri dio Iruñeko 4. Zigor Epaitegiak. Bortxaketaren unean ateratako argazki bat zabaldu zuen Valladolideko (Espainia) gizonezkoak 2017ko abenduaren 6an, Twitter sare sozialera igota. Argazkia zabaltzearekin batera, akusatuak salaketa faltsua jartzea leporatu zion biktimari, eta hura iraindu zuen. Sekretuak ezagutaraztea eta integritate moralaren aurkako delitua egotzi dizkiote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.