Verter Recyclingen aurkako bi prozedurak bateratu ditu auzitegiak

Epaile berak ikertuko ditu bi delituak: pertsonen aurkakoa eta ingurumenari eginiko kalteena. Erabakiak epaibidea arinduko du

Lau kamioi Eitzaga gurutzatzen, atzo. BERRIA.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Zaldibarko (Bizkaia) zabortegiko luiziarekin loturiko bi delituak epaile berak ikertuko ditu. Durangoko epaile dekanoak hala aginduta, herriko lehen instrukzio epaitegiak hartuko ditu bere gain bi prozedurak: pertsonen aurkako delitua eta ingurumen kaltearena. Mugimendu horrek epaibidea arindu beharko luke, froga eta lekukotza berdinek bi ikerketetarako balioko dutelako.

Zaldibarko hondamendiaren auziak zuen korapilo burokratiko handietako bat askatu da horrenbestez. Bere garaian, Durangoko bigarren instrukzioko epaileak, ingurumen kaltearen ikerketa zeramanak, bi auziak lehen epaitegian bateratzeko eskatu zuen, baina beste epaileak uko egin zion. Auziaren inguruan dabiltzan abokatuek ez zioten zentzurik ikusten, eta bat egiteko eskatu zuten, prozeduraren pauso asko bi aldiz egin behar ez izateko.

Azkenean, Durangoko epaile dekanoak ebatzi behar izan du. Epailearen gobernu erabakia abuztuaren 18koa da, eta probidentzia, bateratzeko ebazpena, alegia, 26koa. Abokatuek atzo goizean izan zuten bateratzearen berri. Naiz.eus kazetak atzo argitaratu zuenez, autoak uztailaren 20an iritsi ziren Bizkaiko Probintzia Auzitegira, eta hark utzi zuen erabakia Durangoko epaile dekanoaren esku. Ertzaintzak hurrengo egunean agindu zuen Jose Ignacio Barinaga Verter Recyclingen jabearen, Arrate Bilbao kudeatzailearen, eta Juan Etxeberria ingeniariaren atxiloketa. Pertsonen aurkako delituen auziaren barnean izan zen; 22an utzi zituzten aske karguekin.

Udazkenean beste pauso batzuk espero dira auzibideetan, ingurumenaren aurkako kalteei buruzkoan, bereziki. Bertan daude herri akusazioak eta partikularrak. Bi aste barrurako espero da Verterren ingurumen baimen bateratuaren betetze mailari buruz Eusko Jaurlaritzak aginduriko kanpo auditoria, eta urrirako, luiziaren zergatiak aztertzen ari diren perituen txostena. Epaileak ez zituen eskatu froga horiek, baina pisu handia izan dezakete fiskaltzak erabiltzen baditu.

Kamioi ugari Eitzagan

Zabortegian, bitartean, aurrera doaz Joaquin Beltranen gorpua bilatzeko lanak, eta hondakinak hartzeko biltegia handitzekoak. Verterreko baskularen azpiko zonaldearen miaketa laster bukatuko dute. Bertan aurkitu zituzten Alberto Sololuzeren hezurrak, abuztuaren 18an, eta, orduan Jaurlaritzak jakinarazi zuenez, aste pare batean arakatuko zuten eremu hori guztia. Han aurkituko ez balute, baskula gaineko sailean jarraituko dute bilatzen. Lau hilabeterako lanak daude han, eta, besteak beste, Verterren bulegoa aurkitzea espero da. Bulegoan agiriak eta ordenagailuak gordetzen zituzten, eta, haien egoeraren arabera, informazio argigarri asko aurkitu daiteke.

Bilaketarekin jarraitzeko ezinbestekoa da hondakinak hartzeko biltegia handitzea, eta Verter Recyclingek lan horien hiru milioi euroko lizitazio bat egin zuen iragan astean. Biltegi berria egiteko, baina, material asko behar da, eta kamioi horiek guztiak Eitzaga auzoa (Zaldibar) gurutzatzen ari dira. Bertako biztanle batzuek salatu dute 80 bat kamioi astun igarotzen direla auzotik egunero, horrek dakarren arriskuarekin eta zaratarekin. Atzo azalpenak emateko eskatu zioten udalari. Zabortegiko lanen hautsa egunero datorkie gainera, eta hilabeteak daramatzate bizilagunentzako osasun azterketa bereziak eskatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.