Koronabirusa

Muturreko arrisku egoera atzean uzteko joera ageri da Hegoaldeko datuetan

500 kasuko intzidentziaren azpitik daude lau lurraldeak. Positibo tasak behera egin du, baina ZIUak oraindik «bete-bete» daudela abisatu dute

PCR probak egiteko tokia, Tuterako ospitalean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Maria Ortega Zubiate
2021eko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriak kolore gorria galdu du: lau lurraldeek jada 100.000 biztanleko 500 positibo baino gutxiagoko tasa dute. Muturreko arriskua irudikatzeko erabiltzen da gorria, eta kolore hori agerian izan da azken hilabeteetan Hego Euskal Herrian, abenduaren 21ean Bizkaiak 500 kutsatuen intzidentzia tasa gainditu zuenetik. Orain ere, Bizkaia izan da eremu gorria uzten azkena, eta, oraingoz, tasarik handiena duena: 483,7, alegia.

Hego Euskal Herriko kutsatuen grafikoak joan diren egunetan aurreikusitako beheranzko joera berretsi du. Abenduaren 2an egin bezala, Hego Euskal Herriko lau lurraldeek 500etik beherako intzidentzia tasa metatua lortu dute. Dena den, egoera ez da homogeneoa lurralde guztietan. Eremu gorri izendatzeko muga, lehenengoz, Bizkaiak gurutzatu zuen, eta Arabak eta Gipuzkoak jarraitu zioten, neurri txikiagoan. Nafarroak, berriz, iazko azaroaren 18tik ez du gainditu muga; eta hori nabari da bere egungo intzidentzia metatuan; 245,88 baita.

Baina hirugarren olatuan soilik ez, izurriaren bilakaera osoan egoera desberdinak bizi izan dituzte lurralde guztiek. Nafarroa izan zen, irail hasieran, kutsatuen kurban gora egiten hasi zen lehen lurraldea. Nabarmen egin zuen gora, eta azarorako muga gorritzat jarri duten 500 kasuko intzidentzia metatua bikoiztu ere egin zuen, eta modu bertsuan egin zuen Gipuzkoak ere. Oraingo olatuan, ostera, Nafarroak 500 kasuen muga ez du gainditu, eta Gipuzkoak Bizkaiak baino astebete geroago gainditu zuen, eta aurretik jaitsi da berriz behera.

Kutsatuen datuetan ere nabaritu da beherakada. 510 kasu zenbatu zituzten astelehenean, egindako proba guztien %4,52. Aurreko eguneko datuekin alderatuta, gora egin dute kutsatuek, baina positibo tasak grafikoen beheranzko joera berretsi du. Intzidentziarekin gertatu bezala, kutsatze berriekin ere heterogeneoa da errealitatea. Bizkaia da positibo gehien zenbatu zituena:293. Gipuzkoan 106, Nafarroan 57 eta Araban 45 zenbatu zituzten.

Ospitaleratzeetan ere nabaritu da beheranzko joera. Otsailean izandako ospitaleratu kopuru metaturik txikiena jakinarazi zuten atzo: 67 ospitaleratze berri, eta, guztira, 748 gaixo daude ospitaleratuta.

Egoera bestelakoa da ZIUetan. Datuek beheranzko joera txikia izan dute, baina oraindik «ia-ia beteta» daudela ohartarazi duGaldakaoko (Bizkaia) Ospitaleko ZIUko buru Bittor Santa Colomak. Azaldu du 2020ko martxoan prestatutako kontingentzia planak aurreikusitako bost egoeretatik hirugarrenean daudela, eta, pazienteak beste ospitaleetara bidali behar izan ez badituzte ere, %100eko okupaziora heldu direla. Momentu honetan 194 gaixo larri daude ZIUetan.

Heriotzak gora

Ospitaleratzeek soilik ez, hildakoen kopuruak ere iragartzen du pandemiaren bilakaera. Hain zuzen ere, horixe erakusten dute Eustatek kaleratu berri duen ikerketako datuek. Ondorioztatutakoaren arabera, 2020ko hirugarren hiruhilekoan %7,8 areagotu ziren heriotzak Araban, Bizkaianeta Gipuzkoan. Hiru hilabete horietan, zehazki, 5.349 izan ziren hildakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.