Auzitara eraman dituzte Bilbo eta Donostiako etxe turistikoen ordenantzak

Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordearen arabera, ez dituzte betetzen lehia askearen printzipioak. Udalak, erabakiaren aurka

Hainbat herri plataforma agertu izan dira etxe turistikoen aurka. J. HERRERO / EFE.
Samara Velte.
2018ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Bilboko eta Donostiako udalei errieta heldu zaie berriz etxebizitza turistikoei buruzko euren ordenantzak direla eta. Oraingoan ez, ordea, ohiko auzo elkarteen aldetik, Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordearen (CNMC) aldetik baizik. Bi hiriburuetan indarrean dauden ordenantzen aurkako helegitea ipini du EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, merkatuko konpetentzia libreari kalte egiten diotela argudiatuta.

Espainiako Gobernuaren Enpresa eta Lehiakortasunerako Ministeriora lotuta dagoen erakunde burujabea da CNMC; aurrekontu publikoz finantzatzen da, baina egitura beregaina du. Teorian, merkatuek baldintza parekoetan lehiatzeko aukera bermatzea da haren funtzioa; praktikan, enpresen mesedetarako lobby neoliberal baten moduan dihardu gehienetan. Donostiaren eta Bilboren kasuan, murriztaileegiak iruditu zaizkio bi hiriburuetako ordenantzek dakartzaten erregulazioak: etxe turistikoak soilik lehen solairuetan edo azpian egoitzazko etxerik ez daukatenetan jarri ahal izatea, eta kaskoetan etxe turistiko gehiago erregistratzeko debekua. Neurrion ondorioz, «operatzaile berriak merkatuan sartzea eragotzi eta jada ezarrita daudenak sendotuko» direla argudiatu du, eta horrek, epe luzera, zerbitzua okertu eta prezioak igoko dituela, kontsumitzaileen kalterako.

Eneko Goia Donostiako alkateak erantzun du udalak baduela gaiari buruzko erabakiak hartzeko aski eskumen, eta deitoratu du CNMCk «merkatuari hegoak ematea, bestelako printzipio edo baliorik kontuan hartu gabe». Bilboko Udalekoek ez dute adierazpenik egin, baina gogorarazi dute udalbatzak aho batez bota zuela atzera CNMCren antzeko eskari bat maiatzean —ordenantza aldatzeko eskatu zuen—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.