Mondragon Unibertsitateak ikasketen eskaintza bikoiztuko du Bilbon

Bi gradu eta hiru master berri gehituko dituzte datorren ikasturtean. Campus guztiak kontuan izanda, hamar titulazio berri izango dira

Vicente Atxa errektorea atzoko aurkezpenean. BERRIA.
2019ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Mondragon Unibertsitatea «finkatu» egingo da Bilbon. Bi gradu eta hiru master berri eskainiko ditu Bilbao Berrikuntza Faktorian, 2019-2020ko ikasturtetik aurrera. Beraz, guztira hiru gradu eta sei master izango dituzte campus horretan, gaur egun martxan daudenak kontuan hartuta. Jakinarazi dute unibertsitatearen eskaintza osoan, hamar titulazio berri izango direla datorren ikasturtean; gradu bat eta bederatzi master.

Bilboko campuseko berrikuntza nagusia da Business Data Analytics gradua. Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak azaldu duenez, «aitzindaria» da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 40 toki eskainiko dira, eta 7.150 eurokoa izango da matrikula. Atxak adierazi du «eskari handia» dagoela datuak aztertzeko, eta profesionalak behar direla horretarako. Horrez gain, Bilbon eskainiko da Enpresa Administrazioa eta Zuzendaritza gradua ere —orain arte Oñatin (Gipuzkoa) bakarrik zegoen—. Bi gradu horiek gehituta, hiru izango dituzte Bilbon, Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza gradua bertan baitago jada.

Datorren ikasturterako prestatu dituzten bederatzi masterretatik hiru Bilbon egongo dira. Hauek izango dira: Bezeroen Kudeaketa Estrategikoa, Executive, eta Kirol Berrikuntza Aditu ikastaroa. Gaur egun Uribitarte kalean dago Bilboko campusa, baina Atxak adierazi du urte eta erdi barru jarriko dutela martxan Zorrotzaurreko uhartera lekualdatzeko proiektua.

Berrikuntzak toki guztietan

Beste campus batzuetan ere eskainiko dituzte ikasketa berriak. Arrasaten (Gipuzkoa), esaterako, ingeniaritzarekin lotutakoak izango dituzte: alde batetik, Datuen Analisia, Zibersegurtasuna, eta Garapena eta Eragiketak masterra; eta, bestetik, Robotika eta Kontrol Sistemak. Eskoriatzan (Gipuzkoa) eskainiko dituzte Ikaskuntza Errazten eta Berrikuntzan masterra, eta irakasle gisa aritzeko gaitzen duena, modu dualean. Gastronomia Zientzien Fakultatean (Basque Culinary Center) bi titulazio gehituko dituzte: Food & Beverage Zuzendaritza master profesionala, eta Jangelako Zuzendaritza eta Bezeroaren Arreta Aditu ikastaroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.