Txillardegi goraipatu du EHUk, euskararen alde egin zuen lana eskertzeko

Txillardegi-Hausnartu izena izango dute aurrerantzean soziolinguistika sariek, eta aurtengoa Miguel Galicia euskal filologoak irabazi du

Txillardegiren izena jarri diote EHUko areto bati. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Donostia
2019ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Soslai poliedrikoa zuen Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-k. Intelektuala, ekintzailea, kulturgilea eta pentsalaria zen, eta hainbat arlotan izan zen erreferente, hala nola literaturan, politikan, matematikan, hizkuntzan eta soziolinguistikan. Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle ere izan zen hogei urtez, eta Soziolinguistika eta Hizkuntzalaritza irakasgaiak eman zituen. Nekane Balluerka Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak azaldu zuenez, Txillardegik egindako ekarpenak aitortu nahi izan zituzten, eta, horren harira, hari gorazarre egiteko ekitaldia atondu zuten atzo Carlos Santamaria zentroan. Hala, zentroko erakusketa aretoari Txillardegi izena jarri diote; atzo egin zuten inaugurazioa.

EHUren gisako erakunde batek egindako lehen omenaldietakoa da. Donostiako Udalak oraindik ez diola aitortzarik egin gogoratu eta salatu zuen Fito Rodriguez EHUko irakasleak. Hala ere, haren lana maiz ekarri izan dute gogora: Arantzazun plaka bat jarri zioten iaz, adibidez. Aurten, berriz, Korrikak egin dio omenaldia.

Txillardegi-Hausnartu

Ekitaldian, Soziolinguistika Klusterrak eta EHUk elkarlanean antolatutako Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika sariak eman zituzten —izen hori izango dute sariek aurrerantzean—. Miguel Galicia euskal filologoak irabazi du lehen saria, Ebaluazioa: euskararen aldeko ekimenen labirintoan orientatzeko gakoa lanarengatik. Bertan, euskara sustatzeko planen ebaluazioaren inguruko azterketa eta hausnarketa bildu du.

Bigarren saria, berriz, Jon Fernandez kazetariak eskuratu du; azterketa bat egin du Ondarroako nerabeek sare sozialak erabiltzean euskarak duen pisuaz. Azkenik, hirugarren saria Xabier Madorranentzat izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.