Sanferminetako bost erasotzaileak kartzelatzeko eskatu du fiskaltzak

Auzipetuen bermepeko askatasuna eteteaz ebatzi behar du Nafarroako Probintzia Auzitegiak. Kasazio helegitea aurkeztuko du, Gorenean

Epaiaren kontrako protesta Nafarroako epaitegian, ekainean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Fiskalak ere bai. Aurretik biktimaren abokatuek, herri akusazioak eta erasotzaileen abokatuek egin zuten bezala, Nafarroako Fiskaltzak ere auzitara joko du, 2016ko sanferminetako bortxaketaren azken epaiaren kontra. Atzo iragarri zuen kasazio helegitea aurkeztuko duela Espainiako Auzitegi Gorenean. Horrez gainera, baina, beste eskari bat egin zion Nafarroako Probintzia Auzitegiari: auzipetuak espetxeratzeko agindua eman dezala.

Bost erasotzaileak ekainetik daude bermepean libre; fiskalaren ustez, ordea, aste honetan Auzitegi Nagusiak bederatzi urteko espetxe zigorra berretsi izanak «beharrezko bihurtu du zigorra betearaztea, kondenatuek justiziari izkin egin ez diezaioten».

Epaiaren edukiari buruz, akusazio partikularrak eta herri akusazioek emaniko argudioei eutsi die Nafarroako Fiskaltzak ere; alegia, «sexu abusua» kalifikazioa ez dela nahikoa 2016ko sanferminetan gertatutakoa definitzeko, eta delitu tipologia larriago baten gisara epaitu beharko litzatekeela: sexu eraso jarraitua. «Hasieratik izan dugun irizpideari eusten diogu, eta, gainera, irizpide horixe berretsi dute aretoko bost magistratuetatik bik, epaiari erantsitako boto partikularrean», azaldu zuen fiskaltzak. Horregatik aurkeztuko dute kasazio helegitea Espainiako Auzitegi Gorenean.

Nafarroako Probintzia Auzitegiaren esku geldituko da, bestalde, sanferminetakoa intimitatearen aurkako delitu bat izan ote zen ebaztea ere, horren gaineko sententzia bat prestatzeko agindu baitio Auzitegi Nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.