Pauek debekatu egin du mugan droneak baliatzea migratzaileak zaintzeko

Frantziako Poliziak gailu horiek erabiltzea «neurriz kanpokoa» dela ebatzi du epaileak. Prefetak jakinarazi du helegitea ezarriko duela

Frantziako polizia bat, drone bat gidatzen. GILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
2023ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Frantziako Poliziak ezin izango ditu droneak erabili migratzaileak Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan zaintzeko. Hala erabaki du asteon Paueko Administrazio Auzitegiak, hiru elkartek helegitea ezarri ondoan. Izan ere, ekainaren 28tik, droneen erabilera baimentzeko asmoz prefeturak emaniko erabaki baten ondorioz, Frantziako Poliziak droneak erabiltzen ahal zituen Bidasoa inguruan. Migratzaileen defentsarako hiru elkartek, ordea, neurriaren kontrako helegitea aurkeztu zuten berehala.

Migratzaileen defentsarako abokatuen elkarteak, hala, argudiatu zuen droneen erabilera «neurriz kanpokoa» dela, eta ez duela errespetatzen norberaren bizitza pribatua. Izan ere, Frantziako Poliziak eskubidea zuen droneak baliatzeko Bidasoa ibaiaren inguruetako 22 kilometro koadroko eremu batean; hortaz, elkarteek argudiatu zuten inguruko herritarren kontrako neurria ere bazela. Epaileak argumentu horiek kontuan hartu ditu neurria geldiarazteko. Erabakia jaso orduko, ordea, Pirinio Atlantikoetako Julien Charles prefetak jakinarazi du helegitea ezarriko duela auzitegiaren ebazpenaren aurka.

Migratzaileen defentsarako abokatuen elkarteko Ilazki Ortego abokatuak honela hitz egin zuen Euskal Irratietan helegitea jartzerakoan: «Erabaki dugu droneen erabilera baieztatzen duen erabakiaren aurka egitea, giza eskubideak urratzen dituelako. Prefetak baimendutako eremua zinez zabala da, eta jendearen bizitza grabatzeko aukera zuen Poliziak. Droneen erabilera geroz eta zabalagoa da, eta muga kontrolatzeko erabili nahi izateak erakusten du geroz eta kontrol handiagoa dagoela».

Bestalde, kontrol mota hori «arrazista» dela ere salatu zuen: «Zuriak ez diren pertsonak izanen dira droneekin kontrolatuko dituztenak». Oroitarazi zuen gutxienez zortzi etorkin hil direla muga pasatu nahian; «dagoeneko kontrol gehiegi» badela erakusten du horrek, Ortegoren ustetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.