Sexu erasoen aurkako protokoloa beste behin ezarri dute konpartsek

Bilboko Aste Nagusian beste eraso bat izan dela salatu dute. Artxibatu egin dute kasu bat, Aoizen salatutakoa; ez diote eman sinesgarritasunik

Elkarrerataratzea, atzo, Areatzan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
arantxa iraola
2018ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Sexu erasoen aurkako protokoloa berriro aktibatu zuten atzo Bilboko Konpartsek, eta elkarretaratze jendetsu bat egin zuten Areatzan; eraso «fisiko» baten harira egin zuten protesta, baina jai giroan bestelako eraso sexistak gertatzen ari direla ere salatu zuten. Bat egin zuten, halaber, halakoetan mugimendu feministak egiten dituen protesta keinuekin. Aste hasieran ere egin zuten beste elkarretaratze bat, jaien hasieran gertatutako bi erasoren aurka egiteko.

Aoizko jaietan (Nafarroa) orain aste bi jarritako salaketa baten harira, berriz, kasua artxibatzea ebatzi du epaileak; salaketa jarri zuen andreak aurretik salatutako gizonarekin sexu harreman baimenduak izan zituela esan du, eta, beraz, sinesgarritasuna kendu dio horregatik salaketari.

Emakumeen eraso gehiagoren berri ere izan zen atzo. Jakin zen, esaterako, goizaldean ertzainek Mungian (Bizkaia) 33 urteko gizon bat atxilotu zutela; leporatzen diote bikotekideri eraso egitea. Etxean hasi zen erasoa: labana batekin oldartu zitzaion gizona andreari, eta, kalera ihes egitea lortu zuen arren, han berriro harrapatu zuen erasotzaileak biktima: jo egin zuen, eta lurrean arrastaka ibili zuen. Urdulizko erietxera eraman behar izan zuten andrea. «Gaitzespen sendoa» erakutsi du Mungiako Udalak erasoaren harira, eta biktima artatzeko baliabideak agindu ditu.

Jakin da, berriz, Arraia-Maeztun (Araba) 41 urteko gizon bat atxilotu dutela 2017an Errioxan (Espainia) salatutako sexu eraso baten harira. Hain justu, 2017ko otsailean jazo zen; andre bat noraezean eraman zuten osasun zentro batera, zaurituta. Guardia Zibilak ikerketa bat hasi zuen, eta argitu ahal izan zuten lan elkarrizketa batera zihoalakoan hitzordu batera joan zela emakume hura, eta han egin ziotela eraso; ustez elkarrizketa egitera zihoan gizona musuka hasi zitzaion, eta, andrearen ezezkoa ikusita, kolpeka hasi zitzaion, konortea galdu zuen arte: gero, bortxatu egin zuen. Hilabeteak egin dituzte erasotzailearen atzetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.