Etxebizitza eskubidearen aldeko manifestaziora deitu dute 30 eragilek Baionan

Azaroaren 20an egingo dute, 'Euskal Herrian bizi, eta etxebizitza ukan. Espekulazioari ez!' lelopean. Herritarrak parte hartzera deitu dituzte

Eragileetako ordezkariak, atzo, prentsaurrekoan. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2021eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Azaroaren 20an etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazioan parte hartzera deitu dute Ipar Euskal Herriko 30 bat eragile politiko, sozial eta sindikalek, Euskal Herrian bizi, eta etxebizitza ukan. Espekulazioari ez! lelopean. Aspaldi ez da ikusi Ipar Euskal Herriko hainbeste eragile biltzen dituen prentsaurreko bat; gaiak hartu duen garrantziaren erakusgarri da. «Etxebizitzaren krisiak jendarte guzia ukitzen du. Batez ere behar handienetan direnak, baina baita klase ertain-apalekoak ere. Denek pairatzen dituzte krisi honen ondorioak», adierazi du EH Baiko Gabi Arostegik, deitzaileen izenean.

Ipar Euskal Herriko aurpegi esanguratsu batzuek parte hartu dute prentsaurrekoan, hala nola Michel Larralde CFDTko idazkari nagusi ohiak, Colette Capdevielle PSko diputatu ohiak, Victor Pachon CADE elkarteko kideak eta Isabelle Capdeville Lurzaindikoak. Deialdian, Ipar Euskal Herriko ezkerreko alderdi politiko guziak batu dira, baita ia sindikatu guziak ere. Arlo anitzetako eragile andanak ere babestu du protesta.

Bost puntuko adierazpen bat irakurri dute, eta eskaera hauek egin: lurraren eta etxebizitzaren merkatuaren arautzea; lurraren eta etxebizitzaren kontrol publiko edo kolektiboa; etxebizitza ukaiteko eskubidea bi etxe ukaitekoa baino premiatsuagoa izatea; denek etxebizitza duina izateko eta arrazoizko prezioan lortzeko eskubidearen egiazko aplikazioa, eta ekologia eta klima larrialdiekin bateragarritasuna.

Herritarrei dei egin diete protestaren antolakuntzan parte har dezaten, eta tokian toki eta arloz arlo deialdiak egin ditzaten. Antolaketarako biltzar nagusi bat eginen dute Uztaritzeko (Lapurdi) Lapurdi gelan, urriaren 27an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.