Martxoaren 8an salatutako irakaslearen «konplize» aritzea egotzi diote EHUri

Leioako campuseko ikasle feministek salatu dute biktimak «alde batera utzi» eta «errudun sentiarazi» nahi izan dituztela ikerketa prozesuan

Agerraldi jendetsua egin zuten atzo ikasleek, Leioan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2018ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Martxoaren 8ko mobilizazioetan EHUren Leioako campusean (Bizkaia) bi emakumezko ikasle jotzeagatik salatutako EHUko irakaslearen auzia ez da oraindik bideratu, eta kexu agertu dira ikasle feministak. Euskal Herriko Unibertsitateko Errektoretzak segituan ireki zion txostena irakasleari, eta gertatutakoa ikertzen aritu da azken hilabeteetan, baina prozesuarekin kritiko agertu dira ikasleak, besteak beste, ez direlako babestuta sentitu, eta biktimek ez dutelako ebazpenaren berri jasoko. Hala, «jarrera pasiboa» izatea eta irakaslearekiko «konplizitatez» jardutea egotzi zioten atzo errektoretzari, dozenaka ikaslek Leioan egindako agerraldi batean.

Emakumeen Nazioarteko Egunean egin zen greba feministara batzeko deia zabaltzen ari zirela izan zen erasoa, Leioako Medikuntza Fakultatean. Ikasleen arabera, bortxaz erantzun zien irakasle batek, irainduz hasieran, eta joz gero: «EHUko irakasle gizonezko batek emakumezko bi ikasle jo zituen makila batekin». Gaineratu dute irakasle horren «izaera bortitzaren» berri izan dutela gerora, fakultateko langileen eta ikasleen ahotik: «Hainbat urtean salatu dute jarrera zapaltzaileak izaten dituela etengabe, ez soilik emakumeen kontra, baita gainontzeko kolektibo gutxietsien aurka ere». Botere handiko gizona dela nabarmendu dute: «Ez da edozein irakasle. EHUn eta beste instituzio batzuetan kargu garrantzitsuak ditu, eta kontaktu sare zabala». Hortaz, irakaslearen «vendetta pertsonalak» saihesteko, bide judiziala alboratzea erabaki zuten ikasleek.

EHUk, halere, txostena zabaldu zion irakasleari, eta barne ikerketa bat abiatu zuen; tartean, ikasleen testigantzak jaso zituen uztailean. Prozesu horretan «deseroso» sentiarazi zituztela salatu dute emakumeek: «bakarka eta egun desberdinetan» deitu zituztela, lekukotasunak gaztelaniaz ematera behartu zituztela, ikasleen bertsioetan «kontraesanak bilatu» zituztela, eta haien hitza «deslegitimatzen» saiatu zirela.

Era berean, errektoretzak jakinarazi dienez, ikerketaren emaitzaren berri irakasleari baino ez diote emango, eta ez biktimei. «Erasoa jasan zuten emakumeek ez dute babesik jaso; haiek errudun sentiarazten saiatu da EHU», ondorioztatu dute. «Bere burua instituzio progresista eta feministatzat aurkezten du EHUk, baina benetako izaera erakutsi du prozesu honetan: erasotzailearen anonimotasuna eta pribilegioa babestu du, biktimak alde batera utzita».

EHUko iturriek berretsi dute ikerketa zabalik dagoela oraindik, baina ez dute bestelako adierazpenik egin nahi izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.