Amatasunagatik errenta zerga ordaindu zutenek itxaron egin beharko dute

Gipuzkoak azaldu du oraingoz ez duela atxikitako dirua itzuliko. Arau propioa izanik, Nafarroak uste du Gorenaren epaiak ez diola eragiten

Emakumeak ume txikiekin, Iruñeko kaleetan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Irune Lasa - Joxerra Senar
2018ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Amatasun laguntzaren zergan ez da itzulketarik izango, oraingoz. Gizarte Segurantzak ordaintzen duen laguntzari ezin zaiola errenta zergarik ezarri ebatzi zuen joan den ostiralean Espainiako Auzitegi Gorenak, haren ustez ez baita soldata bat, baizik eta langileak galduko dituen diru sarrerak konpentsatzeko subsidio bat. Hego Euskal Herriko instituzioek, ordea, ohartarazi dute automatikoki ez dutela beteko epai hori. Gipuzkoako Aldundiak esandu jurisprudentziarik ez dela sortu oraindik, eta Nafarroako Gobernuak zehaztu du lege propioa izanik ez dagokiola ezer bueltatzea.

UGTren kalkuluen arabera, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako ogasunek 123.000 zergapekori itzuli beharko lieke errenta zergan egindako atxikipen hori. 2014. urtetik aurrera emandako amatasun laguntzei eragingo lieke Gorenaren ebazpenak, eta horren aurreko zorrak iraungita leudeke. Kopuruak aldatu egingo dira amaren soldataren arabera, baina batez beste bi mila euroko itzulketak izan daitezkeela kalkulatu dute. Hala balitz, ogasunek itzuli beharrekoa ia 125 milioi euro ere izango litzateke; diru kopuru oso esanguratsua.

Baina, oraingoz, ez dirudi hori gertatuko denik. Gipuzkoako Aldundiaren arabera, Auzitegi Gorenaren epai bakarrak ez du jurisprudentziarik ezartzen, hots, soilik kasu edo auzi bakar horri dagokio. Eta beraz, oraingoz, ez da itzulpenik izango. Ez behintzat Gorenaren beste ebazpenen bat edo beste epai bat iritsi arte. Dena den, Gipuzkoako Ogasuna gaia lantzen ari da, jurisprudentzia ezartzen duen erabakia iristen bada ere. Bizkaiko Aldundiak bere zerbitzu juridikoei eskatu die azter dezatela epaiak lurraldean eragina izango ote duen.

Gauzak askoz garbiago ditu, berriz, Nafarroako Gobernuak: ez dagokio ezer itzultzea. Azaldu duenez, epaia Espainiako 2006ko errenta zergaren legeari dagokio, eta horretan ez denez espresuki aipatzen amatasun baimenek errenta zerga ordaindu behar dutela, Gorenak interpretatu du ez dutela pagatu behar. Nafarroako 2008ko legeak, berriz, bai aipatzen zuen laguntza horiek ez zutela errenta zergarik ordainduko.

2012ko abenduan aldatu zuten legea Nafarroan, eta, horretan zehaztu zuten aurrerantzean bai ordaindu beharko zutela. Hori da gaur egun indarrean dagoen araua, baina ez luzarorako. Datorren urtera begirako zergen aldaketan, Nafarroako Gobernuak proposatu du amatasun eta aitatasun laguntzek %25era arteko zerga kenkariak edukiko dituztela. Proportzionala izango da: zenbat eta errenta handiago orduan eta kenkari txikiagoa edukiko luke, eta 105.000 eurotik gorako errentek ez dute zerga kenkaririk izango.

Aldaketa hori Nafarroako Parlamentuak onartu behar badu ere, espero da urtarrilaren 1etik aurrera indarrean izango dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.