Gazte adingabe bat oso larri dago Donostian, borroka baten ondorioz

Hiriaren erdigunean izan da jazoera, ordu txikietan. Zazpi gizon gazte atxilotu dituzte ertzainek gertaerarekin lotuta, eta ikerketa martxan da

Klub Nautikoaren aurreko espaloia; hor izan zen borroka. GORKA RUBIO / FOKU.
arantxa iraola
2019ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak atzo jakitera eman zuen borroka bat gertatu zela Donostia erdialdean goizeko ordu txikietan, eta horren ondorioz 17 urteko gazte bat oso larri zaurituta zegoela. Halaber, jakinarazi zuen zazpi gazte atxilotuta daudela gertaeraren harira; lesio larriak eragitea leporatu diete. Hainbat hedabideren arabera, gaztea lurrera erori zen borrokaren ondorioz, eta lurrean ere ostikoka jardun zuten haren kontra. Atzo arratsean, koma sakonean zen. Gizonak dira atxilotuak; 18-25 urte artean dituzte. Komisarian zituzten oraindik ere atzo arratsaldean, eta ikerketa artean martxan zela adierazi zuten ertzainek. Hainbat iturrik esan zutenez, tabako pakete baten gaineko eztabaida batek piztu zuen borroka.

Segurtasun Sailak zabaldutako informazioren arabera, Donostiako udaletxearen eta Klub Nautikoaren artean izan zen borroka, dantzaleku baten atarian. Larrialdi zerbitzuak heldu zirenerako, larri zegoen zauritutako gaztea; bere onera ekartzeko ahaleginak egin zituzten, eta Donostia Ospitalera eraman zuten. Ertzainen arabera, ez zen zauritu bakarra izan; haren bi lagun ere min hartuta zeuden, baina ez larri. Adiskidea defendatzen aritu zirela esan zuten, eta orduan zauritu zituztela. Osasun zerbitzuen arta behar izan zuten bi gazte horiek ere. Donostiako Udalak erasoa gaitzetsi du, eta biktimari elkartasuna adierazi dio. Erasoa «onartezina» izan dela adierazi du ohar baten bidez. Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztien arabera, «zentzugabeak» dira gisa horretako borrokak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.