Departamenduetako bozetara aurkeztuko da Jean Jacques Lasserre

Pirinio Atlantikoetako Departamendu Kontseiluko presidenteak aldarrikatu du departamendua «hurbiltasuneko tresna» dela

Jean Jacques Lasserre, artxiboko argazki batean. . GORKA RUBIO / FOKU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Abiatu du hauteskunde kanpaina Jean Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako Departamendu Kontseiluko presidenteak. Kazetariekin elkartu zen atzo, heldu den udaberrian iragan behar liratekeen departamenduetako bozetan hautagai izanen dela adierazteko. Ikasturte hasierako erronkak aipatzea zen xedea prentsari bidalitako gomitaren arabera, baina azken urteetan departamenduak bere gidaritzapean egindako guziaren laburpen bat egin zuen, eta egiteke gelditu dena aipatu.

«Ezkerreko eta eskuineko [Frantziako] gobernuek departamenduaren beharra zalantzan ezarri dute azken urteetan. Akats bat da, astakeria bat. Hurbiltasuneko tresna bat da», esan zuen, azken urteetako deszentralizazio politiken ondorioak gaitzetsiz. Era berean, azken bozen aitzin egindako kantonamenduen banaketa berria ere deitoratu zuen. Zentroak eta eskuinak hautesbarruti horietan ez irabaztea zen xedea, haren ustez. Aurten batera aurkeztuko dira, itxura guzien arabera.

Gainerakoan, ekintza sozialean eman zuen ardatza, erranez Departamenduen Etxeen bidez «garaiko arazoei» erantzuten dietela, eta kolegioei eskaintzen dieten laguntza pedagogikoa ere azpimarratu zuen. Horrez gain, azaldu zuen medikuen gaia ere lantzen ari direla, lurralde batzuetan eskasten ari baitira. Erretiroa hartzen dutenak identifikatu eta mediku gazteak lekua hartzera «bultzatu» nahi dituzte.

Horrez gain, oroitarazi zuen koronabirusari aurre egiteko neurri andana hartu dituztela, eta uda honetan turismoa sustatzeko kanpainak garatu dituztela. Enpresa txikiak diruz laguntzeko mailegu sistema bat ezartzeko xedea ere aipatu zuen.

Azkenik, euskararen arloan, euskarazko irakaskuntza arautzeko beharra nabarmendu zuen: «Ez gaitezen urtero gatazka berekin aritu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.