AEBetako laguntza plana izango dute gaur hizpide Bidenek eta Von der Leyenek

Bi agintariak Etxe Zurian bilduko dira. Europako Batzordeak herrialdeei baimena eman die berdintzeko enpresek atzerrian jasotako laguntzak

Ursula Von der Leyen eta Joe Biden, artxiboko irudian. MAST IRHAM / EFE.
Irune Lasa.
2023ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Joe Bidenen administrazioak iaz onartutako Inflazioa Murrizteko Legeak eta han AEBetako ekoizleentzat jasotako laguntza berdeak Atlantikoaren beste aldean piztutako ezinegona ez da apaltzen ari. Besteak beste, konpainia garrantzitsuak ari direlako iragartzen haien ekoizpenaren zati bat AEBetara eramango dutela, laguntza horiek baliatzeko —tartean Volkswagen eta Mercedes Benz—.

Enpresa handien lekualdatzeak eragotzi nahian, atzo bertan Europako Batzordeak erabaki zuen erraztu egingo dituela herrialdeek beren konpainiei laguntzak emateko baldintzak. Tartean, eta salbuespenezko neurri gisa, herrialdeek berdindu ahal izango dituzte atzerritik enpresek jasotzen dituzten laguntza eskaintzak.

Zalantzarik gabe, Inflazioa Murrizteko Legea eztabaidagai nagusietako bat izango dute gaur Bidenek eta Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyenek Etxe Zurian egitekoa duten bilkuran.

EBk akordio bat lortu nahi luke, Kanadak eta Mexikok AEBekin daukaten haien merkataritza libreko akordioari esker dauzkaten antzeko baldintzak izateko. Horrelako zerbaitekin, Europan ekoitzitako auto elektrikoen erosketa ere lagundua izango litzateke AEBetan. Merkataritzari buruzko balizko akordio horri beste aldagai bat lotu zaio azken asteetan: ea trukean AEBek ez dieten eskatuko europarrei birpentsatzeko haien Txinari buruzko jarrera. Bidenen gobernua gero eta gogorrago jartzen ari da Txinarekin, eta komeniko litzaioke Europa ere bere aldera lerratzea.

AEBetako iturri diplomatikoek ukatu egin dute horrelako traturik nahi dutela; Txinarekiko jarrera zorroztea izatea bidea AEBetan auto elektrikoak saldu ahal izateko.

Baina gero eta ozenagoakdira Txinari buruz AEBek egindako ohartarazpenak. Azkena, Txina prestatzen ari dela Errusiari laguntza militarra bidaltzeko. Zerbitzu sekretu estatubatuarrek aditzera eman diete horixe Europako zenbait herrialderi, eta ziur, gaia hizpide izango dute gaur Etxe Zurian. AEBen ustez, europarrek prest egon behar dute erantzuteko Txina Errusia armatzen hasten bada.

Baina oraingoz behintzat, Europako agintariek ez dute gogo handirik erakutsi Txinarekin harremanak murrizten hasteko. Igandean bertan Olaf Scholz kantzilerrak aipatu zuen Txinak ziurtatu diola ez duela armarik bidaliko Errusiara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.