Espainiako Gobernuak alokairuen indize ofizial bat egingo du lehen aldiz

Higiezin agentzien menpe egon da. Ez du eraginik izango etxebizitza politiketan. Abalosek dio udalek mugatu ahal izango dituztela prezioak

Etxebizitza bat alokagai, Donostian. JON URBE / FOKU.
Erredakzioa
2020ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak alokairuko etxebizitzen prezioen indizea kaleratuko du. Ogasuneko datuak erabiliko ditu, eta ez dira higiezin agentzien inkesten menpe egongo, orain arte bezala. Indize hori urtero eguneratuko du, eta bateragarria izango da autonomia erkidegoek etxebizitzen alorrean egin ditzaketen beste batzuekin. Horrek, baina, ez ditu «inolaz ere» administrazioak gaituko alokairu prezioak arautzeko, Jose Luis Abalos Garraio, Mugikortasun eta Hirigintza Agendako ministroak argitu duenez. Dena den, berretsi du udalek aukera izango dutela alokairuen igoera mugatzeko, «denbora batez eta irizpide teknikoetan oinarrituta», baina gobernuko kideek hori arautuko lukeen egitasmorik ez dute aurkeztu oraindik.

Joan den urtarrilean, Espainiako Ogasunak 2015 eta 2018 arteko ekitaldietako PFEZaren aitorpenak arakatu zituen, erreferentziazko indize hori egiteko beharrezko datuak ateratzeko, baina ez zituzten emaitzak kaleratu, apirilean eta azaroan eginiko bozengatik. Orain, martxo amaierarako iragarri ditu Abalosek. Hego Euskal Herrian, indize hori egiteko Espainiako Gobernuak sarbidea izan beharko luke foru ogasunen datuetan.

Mugak, gerorako

Hiri Errentamenduen Legea aldatzeko akordioan dago indize hori sortzeko beharra. Prezioak mugatzeko aukera ere jaso zuten PSOEk eta Unidas Podemosek, 2018ko urrian eginiko aurreakordioan, baina gobernu sozialistak uko egin zion puntu hori dekretuan sartzeari. Horrek eragin zuen Unidas Podemosek egitasmoa baztertzea, baina, azkenean, onartu egin zuen, berriro bozetara deitu zelako.

Ondoren, bi alderdiek eginiko gobernu akordioan aukera hori jaso zuten. Testu horren arabera, udalek «modu objektiboan eta irizpide teknikoetan oinarrituta, aldi baterako eta salbuespenez», merkatuko hiri eremu «tentsionatu» bat deklaratu ahal izango dute, eta alokairuak mugatu, baldin eta errentak «gehiegi eta modu iraunkorrean handitzen badira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.