Sanferminetako bortxaren auzian absoluzioa eskatu zuen epaileari, espedientea

Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia Ricardo Gonzalez eta Raquel Fernandino ikertzen ari da, justifikatu gabeko gibelapenengatik

2018ko apirileko epaia salatzeko protesta bat, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
2016ko Iruñeko sanferminetan emakume bat bortxatzeagatik, bost gizonezko epaitu zituzten 2017an, eta 2018ko apirilean Nafarroako Lurralde Auzitegiak emandako epaiak sexu-abusu delitua egotzi zien bost erasotzaileei. Kexu ugari eragin zituen epaiak, talde bortxaketa sexu erasotzat ez jotzeagatik 2019an Espainiako Auzitegi Gorenak hala izan zela ebatzi zuen azkenean, baina are haserre handiagoa piztu zuen epaileetako batek emandako boto partikularrak: Ricardo Gonzalez magistratuak absoluzioa eskatu zuen akusatuentzat, argudiatuta talde erasoa «sexu harreman bat» izan zela.

Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak espedientea zabaldu du orain Gonzalezen eta harekin batera epaiketa hartan epaile gisa aritu zen Raquel Fernandino magistratuaren aurka. Epaitegiko lanak justifikaziorik gabe gibelatzea leporatzen die, eta zigortuak izan daitezke hargatik. Bi epaileek argudiatu dute sanferminetako bortxaketaren epaiaren ondoren «estres eta ezinegon handia» jasan behar izan zutela sententziak kalean sortu zuen haserrearen ondorioz, eta horrek lanean ere eragin ziela.

Alabaordea bortxatzeagatik

Nafarroako Auzitegi Nagusiak, berriz, hamalau urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio gizonezko bati neska lagunaren 9 urteko alaba bortxatu eta jotzeagatik. Umearen ama kanpoan zela baliatzen zuen gizonezkoak alabari gehiegikeriak egiteko, eta behin baino gehiagotan egin zion eraso. Probintzia auzitegiak emandako epaia berretsi du hala Nafarroako Auzitegi Nagusiak. 56 urte ditu gizonezkoak. Espetxe zigorra ez ezik, 23 urtez biktima ikusteko debekua ezarri diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.