Iazko argazki bera

Anna Van der Breggenek bosgarren aldiz irabazi du Fleche Wallonne, eta Marianne Vosen marka berdindu du. Julian Alaphilippek, bigarrenez

Anna Van der Breggen eta Julian Alaphilippe, atzo, Huyko podiumean. FLECHE WALLONNE.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Faborito nagusiak ziren, eta, hala ere, biek ala biek ondo kudeatu zuten tropel guztiaren begiak gainean izatearen zama. Anna Van der Breggenek (Boels-Doelman)irabazi zuen atzo Fleche Wallonne klasikoa emakumezkoetan, eta Julian Alaphilippek gizonezkoetan (Deceunick-Quick Step); hala, iazko argazki bera izan zen podiumean. Frantziarrak bigarrenez altxatu zituen besoak Huyko horman (Belgika); herbeheretarrak, berriz, bosgarrenez jarraian. Marianne Vos (CCC) erkidearen marka berdindu zuen. Vos bera laugarren izan zen helmugan.

Bi lasterketek antzeko bilakaera izan zuten. Urteak dira faborito guztiak elkarrekin iristen direla Huyko (1,3 km eta %9,6) azken igoera gogorrera. Emakumezkoena jokatu zen goizean (118 km.), eta Van der Breggenek, beste behin, ez zuen huts egin. Horma bere etxeko egongela bezain ondo ezagutzen du, eta ondo daki noiz arte itxaron behar duen benetan estutzeko. Atzo, gainera, buru hotza erakutsi zuen, igoera hasi zutenean Floortje Mackaij (Sunweb) baitzen lasterketaren buruan, hamabost segundoren aldearekin.

Mackaijek helmugatik hiru kilometrora jo zuen erasoa, baina helmugatik 500 metrora harrapatu zuten. Katarzyna Niewiadoma (Canyon) izan zen mugitzen hurrengoa, eta haren gurpilera, Van der Breggen. Buruko kalkulagailua martxan jarri, eta helmugatik 200 metrora jo zuen erasoa. Bakarka egin zuen azken txanpa, eta helmugan bi besoak altxatzeko aukera eta guzti izan zuen.

Gizonezkoen proba (195 km.) urduriagoa izan zen. Lehen kilometroetan ihesaldi pare bat antolatu ziren, eta egon zen saiakerarik serioenean Gorka Izagirre (Astana) sartu zen. Haren anaia Ionek ere (Astana) eman zuen zeresana, txarrerako baina, erori egin baitzen. Halere, ez dirudi ezer larria izan zenik. Helmugatik hogeita bi kilometrora bukatu ziren ihesaldiak, hein handi batean Deceuninck Quick Step taldearen lan handiarengatik.

Cheraveko igoeran (1,3 km eta %8), eguneko azken-aurrekoan, helmugatik zazpi kilometrora, Enric Masek (DeceuninckQuick Step) erritmo itogarria jarri zuen, eta garbi utzi zuen tropela elkarrekin iritsiko zela Huyra. Lehen aldapetan Rui Costa (UAE) eta Michal Kwiatkowski (Sky) agertu ziren, baina erasorik gogorrena Jakob Fulgsangek (Astana) jo zuen helmugatik 450 metrora. Tartea ireki zuen, eta Alaphilippe itsatsi zitzaion. Buruz buruko esprint itoa jokatu zuten, kamera geldoko sufrikarioa, eta Alaphilippe gailendu zen gurpil erdiko aldearekin. Urteko hirugarren klasikoa irabazi du, Milan-Sanremo eta Strade Biancheren ondoren.

Bestalde, nabarmentzekoa da atzerriko lehen klasiko handia izan zela Euskadi-Muriasentzat, eta txirrindulari bakarrak bukatu zuela: Mario Gonzalezek, 61. Taldeak zorte txarra izan zuen, Oscar Rodriguezek hasi eta berehala utzi behar izan baitzuen proba, urdaileko arazoen ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.