Aukera ondo baliatu du

Bidasoak 35-28 irabazi dio Sinfini, eta Asobal Kopa jokatuko du. Finalerdietan Valladolid izango du aurkari, larunbatean, 21:00etan

Esteban Salinas jaurtiketa bat egiten, atzo, Sinfinen aurkako norgehiagokan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Logroñok herenegun egindako oparia ederki baliatu zuen atzo Bidasoak, eta Sinfin 35-28 mendean hartu ostean, Irungo taldeak Asobal Kopa jokatuko du bigarren denboraldiz jarraian asteburuan. Valladoliden izango da, eta hain zuzen ere etxeko taldea izango dukontrario. Neurketa larunbatean jokatuko da, 21:00etan. Beste finalerdia 19:00etan jokatuko da, eta bertan Bartzelona eta Ademar Leon ariko dira nor baino nor gehiago.

Bidasoak nahikoa zuen puntu bat sailkatzeko, eta ez zuen huts egin. Hasieratik jarri zen aurretik, eta nahiz eta partida guztiz ez hautsi, horrek aukera eman zion lasaitasunez jokatzeko, eta partida bideratzen joateko. Atsedenaldira sei goleko abantailarekin ailegatu zen Irungo taldea: 18-12. Errenta aproposa zirudien hori bigarren zatiari heltzeko. Baina denboraldi honetan behin baino gehiagotan gertatu zaio Bidasoaripartidak iraultzea, alde zein kontra.

Batzuei hori etorriko zitzaien buruan, partida amaitzeko 15 minutu falta zirenean, 45. minutuan, kanpoko taldea hiru golera jarri zenean: 25-22. Beste batzuek, halaber, herengun Logroñori Granollersen gertatutakoa gogoratuko zuten. Lehen zatian 7-14 irabazten egon eta gero, bigarrenean etxeko taldeak sekulako erakustaldia eman zuen erasoan, eta 40-35 irabazi zuen.

Baina ez zen halakorik pasatu. Une zail horietan pazientzia izaten jakin zuen Bidasoak, eta berriro ere gauzak bere lekuan jarri zituen, 50. minuturako, sei goleko errenta berreskuratuz: 29-23. Azken minutuetan gakoa eustea zen, eta ahal zen neurrian indarrak ondo neurtzea, asteburuan duten erronkari begira ahalik eta osoen eta freskoen ailegatzeko.

Hala egin zuten, eta zaleen artean festa izan zen nagusi. Azken bi denboraldi arrakastatsuen liburuan, beste kapitulo bat idatzi du Irungo taldeak. Partidako golegile nagusia Rodrigo Salinas izan zen. Bost gol sartu zituen.

Anaitasunak ere modu onean amaitu nahi zuen lehen itzulia, eta sailkapenean gora egiten segitu, erreskadan laugarren garaipena lortuz. Ez zen posible izan, ordea. 24-32 galdu baitzuen Ademar Leonen kontra.

Leongo taldeak ziurtatuta zuen Asobal Kopan egotea, Logroñoren porrota eta gero. Baina bigarren postua horretan segitu nahi zuen sendo. Lehen minutuak parekatuak izan ziren, eta nafarrek ondo eutsi zioten. Baina bigarrengoan bisitariak koska bat gorago daudela antzeman zen, eta erasoan eraginkorrago arituz garaipena lortu zuten. Orain eten luzea du Ligak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.