Arrauna

Seigarrena, ezaguna

ETE ligako seigarren jardunaldia Pasaian jokatuko da gaur, erlojuaren aurka, duela bi asteko leku berean. Tolosaldeak irabazi zuen hura

Duela bi aste, Tolosaldeak irabazi zuen estropada Pasaiako eremuan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2018ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Badoa aurrera ETE liga ere, lehen aldi honetan. Emakumezko arraunlariek seigarren jardunaldia izango dute jokoan gaur. Duela bi aste izan ziren leku berean aritu beharko dute arraunean, Errenteriako Bandera jokoan izan zuten leku bera baita gaurkoa ere: Pasaiako eremua, erlojuaren aurkakoa, Pasai Donibane eta Pasai San Pedro artean geratzen dena.Zati bat badian izango da, eta bestea, itsasoan (17:30).

Eremu jatorra da: ikusteko ona, eta arraunean egiteko ere zintzoa, are gehiago gaurko baldintza onetan. Gainera, erlojuaren aurka denez, taldeak baldintza bertsuetan ibiliko dira. Duela bi asteko estropada hartan jarri behar dira begiak ezinbestean. Ez dago erreferentzia jatorragorik gaurkoari buruzko datuak aurkitzeko. Tolosaldea izan zen azkarrena uztailaren 22ko estropada hartan; Taldeak abiatutako proiektu berri honen lehen bandera irabazi zuen. Aldez aurretik ikusita, ezustea izan zen, beste talde batzuk baitziren faboritoak. Baina tolosarrak gai izan ziren ligan aurretik dauzkaten Donostiarra, Deustu eta Hibaika gainditzeko.

Oso alde estuak izan ziren, erlojupeko ia guztietan gertatzen den bezala. Deustuk eta Hibaikak segundo eskas galdu zuten garailearen aldean, eta Donostiarra laura geratu zen. Gaur ere antzeko kontuak izango dira ziurrenik, baina agian beste urrenkera batean.

Kontua estu baitago ETE liga honetan. Bost estropada jokatu eta gero, Donostiarra doa buruan, hiru estropada irabazita. Bada bitxikeria txiki bat, gainera, donostiarren orain arteko garaipenetan. Izan ere, ligako estropada bakoitietan lortu dute bandera astintzea: aurrenekoan, hirugarrengoan eta bosgarrengoan. Logika horrek segida badu, gaur ez zaio tokatzen irabaztea. Baina horiek kontuak baino ez dira. Gaurkoa gaur da, eta orain eta Pasaian onena denak irabaziko du, ez estatitistikek zehazten dutena, zehatzak izan arren.

Hibaikak du beste garaipena liga honetan, eta sailkapenean hirugarrena da, Donostiarratik bost puntura. Deustu dauka aurretik, hiru puntu gehiagorekin. Bilbotarrenak badu berezitik, orain artekoa aztertzen bada: goi-goian dabil ligako jardunaldi guztietan, eta horregatik da bigarren onena oraingoz. Baina ez du banderarik irabazi. Gertu dabilenak askotan bota ohi du garaipenaren atea, eta tokatu beharko litzaioke egunen batean Deusturi ere. Baina hori ere alferrik jardutea da. Gaur lan guztiak egin beharko ditu ondo irabazi nahi badu.

Beste erdia faltako zaie

Irabazitako bandera kopuruagatik, gaurko faboritoa Donostiarra da. Baina inor ez litzateke harrituko ligaren goialdean dauden beste taldeetako batek irabaziko balu ere. Bestelakoan, ikusi egin beharko da Kaiku gai den lehen hiru postuetara gehiago gerturatzeko. Hernaniren gorantzako bideak zer ematen dion ere jakin egin beharko da, gai ote den lehen aldiz lehen lau sailkatuen artean sartzeko.

Ikusteko dauden gauzak alde batera utzita, hau da datu ziurra: ETE ligak gaur osatuko du erdia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.