Olatura igo nahian

Alavesek sasoiko boladarik onena katea dezake gaur, Mendizorrotzan Vila-reali irabazita. Ximo zigortuta dago, eta Martin ariko da haren ordez

Victor Camarasa, falta bat jaurtitzeko prest, Levanteren aurkako partidan, joan den larunbatean, Valentzian. ALAVES.
enaut agirrebengoa
2020ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Alaves itsaso harroan ari da nabigatzen. Olatu artean dabil etengabe; orain behera, orain gora. Azken lehiaren aurretik, krisi hotsa entzuten hasia zen. Izan ere, bost jardunaldi zeramatzan irabazi gabe. Levanteri, ordea, 0-1 gailendu zitzaion iragan asteburuan, eta, hala, lasaitasuna berreskuratu du. Are gehiago, baliteke gaur goia jotzea, baldin eta Mendizorrotzan Vila-reali nagusitzen bazaio. Denboraldiko boladarik emankorrena litzateke, hiru lehiatan zazpi puntu patrikaratuta. Irabazi edo ez, lehia berezia izango da arabarrentzat, klubaren 99. urteurrena ospatuko baitute.

Asier Garitanoren irudiz, egun «polita» izango da, baina arriskutsua ere izan daiteke, «arreta galdu baitaiteke». Okerrik gerta ez dadin, etxean «lehen itzuliko ildoari» eutsi behar zaiola uste du bergararrak. Orain arte, Alaves sendo aritu da Gasteizen; lau partida irabazi, beste lau berdindu, eta soilik bi galduta. Edonola ere, gaur aurkari gaiztoa izango du aurrean. Hala uste du Garitanok: «Oso indartsu dabil etxetik kanpo. Sevillan [Espainia], Donostian eta Gironan [Herrialde Katalanak] irabazi egin du azken neurketetan. Maila handiko jokalariak dituzte, eta garai onean daude». Horregatik, uste du «gauza on asko» egin beharko dituztela hiru puntuak zakuratzeko.

Arabarrak oso zorrotzak izan ziren Levanteren aurka. Denbora dezente zeramaten erasoan hainbeste distira egin gabe. Zitalak izan ziren kontraerasoetan; bada, baliteke gaur ere zukua ateratzea jokamolde horri. Era berean, atea hutsean uzten saiatuko dira bigarren jardunaldiz jarraian. Alavesentzat, ororen gainetik dago defentsako sendotasuna, eta bertute hori funtsezkoa izango da Vila-realen gisako talde erasokor bati aurre egiteko. Garitanok lauko lerro finkoa topatu du atzean, baina gaur piezetako bat falta izango zaio: Ximo Navarro. Zigortuta dago, txartel pilaketagatik; beraz, Martin Agirregabiriak jokatu beharko du eskuin hegalean. Bestelakoan, ez da aldaketarik espero Garitanoren hamaikakoan.

Vila-realek Lucas nahi du

Neguko azoka pil-pilean dago, eta Alaves artegatzen ari da. Dagoeneko jokalari garrantzitsu bat galdu du, Wakaso Mubarak, eta, orain, Lucas Perezen inguruko zurrumurruak zabaltzen hasi dira. Antza, aurrelariaren atzetik dabil Vila-real, Toko Ekambi Olympique Lyonera joan ondotik. Garitanoren hitzetan, «edozer gauza»gerta liteke merkatua itxi arte. «Lucasek ia ez zuen jokatu Ingalaterran, baina oso ondo ari da hemen. Ez irtetea espero dut; kolpe handia litzakete».

ALAVES-VILA-REAL

Alaves. Pacheco; Martin, Laguardia, Ely, Duarte; Vidal, Manu Garcia, Camarasa, Rioja; Joselu eta Lucas Perez.

Vila-real. Asenjo; Mario, Albiol, Funes Mori, Alberto Moreno; Iborra, Anguissa, Trigueros; Cazorla, Bacca eta Chukwueze.

Epailea. Munuera Montero.

Lekua. Mendizorrotza (19.840 ikusle).

Ordua. 18:30ean (Movistar La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.