Pandemiak musikatua

Egoeraren analisia egin du Jokin Aperribai Realeko presidenteak. Etzi zale batzuk izango dira Zubietan; Anoetan, «ondo bidean», hilaren 29an

Jokin Aperribai Realeko presidentea, atzoko agerraldian. REALA.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Realaren ordezkari gorenak azalpenak eman zituen atzo. Jokin Aperribai presidenteak prentsa agerraldia eskaini zuen Anoetan, klubak azken hilabeteetan bizi izan duen egoera aletu eta lasterrerako dituen asmoak xehatzeko. Bestela ezin zen eran, koronabirusaren gaitzak jarri zien musika Aperribairen hitzei. Luze mintzatu zen debarra, ordu eta laurdenez, baina pandemiaren ondorioek osatu zuten ildo nagusia. Hiru gairi buruz aritu zen nagusiki: bazkideen kuotez, zaleen estadiorako itzuleraz eta klubaren balantze ekonomikoaz.

«Ahal dugun neurrian, zaleak partidetara itzultzea da gure asmoetako bat», esan zuen. Etzi egingo dute martxoaz geroztik lehendabiziko aldiz; Realak Levante jasoko du Zubietan, eta 150 bazkidek izango dute Natalia Arroyoren taldea bertatik bertara ikusteko aukera.

Gauza bera egin asmo dute Reala B-rekin, eta baita gizonezkoen talde nagusiarekin ere. Haien kasuan, Realak Europa ligan etxean jokatuko duen lehendabiziko partidan izatea da asmoa, hil honen 29an, Napoliren aurkakoan: «Jaurlaritzarekin harremanetan gaude. Plan bat abiatu du Realak, 1.000 lagun sar daitezen. Gure asmoa zorroztasunari eta erantzukidetasunari eustea da».

Hain justu, Lehendakaritzak abian jarritako Biziberri IIa segiz osatu du zaleak sartzeko plana Realak. Europa ligarako soilik litzateke, baina, halere, ez da ziurra: «Jaurlaritzak ezin dela esaten badu, ezingo da, baina ez dugu uste halakorik gertatuko denik».

Zaleak zelaira «gradualki» itzuliko direla iragarri du Aperribaik, eta egoeraren araberakoa izango da estadioan egongo direnen kopurua: «Zehatz-mehatz beteko dugu osasun agintariek esaten digutena. Hori da lehenetsi beharrekoa».

Bazkide kopuruak, gora

Gaur egun, 35.222 bazkide ditu Realak; inoizko kopururik handiena da. Pandemia azaldu zenetik 142k utzi diote bazkide izateari, eta 364k eman dute izena. Beste 118 daude itxarote zerrendan.

Hain justu, haiek izango dira Realeko hiru talde nagusien partidak ikustera joan ahalko direnak: «Zozketa bidez egingo dugu beti, eta besterenezina izango da. Beste inor ezingo da joan egokitzen zaionaren izenean». Kutsatze kasu posibleetan «kontrola» izateko dela dio Aperribaik. Halaber, 2020. urteko bazkide kuoten %50 itzuliko du Realak datozen egunetan, eta, ekainean itzulitako %20ri gehituta, Realeko bazkideak %70 gutxiago ordainduko du aurten.

Diruen balantzeari dagokionez, «pandemiaren ondorioz» hamabost milioi euro gutxiago jasoko ditu Realak, baina hiru milioiren irabaziekin itxiko du sasoi ekonomikoa.

Kirol alorrean, berriz, «ekartzeagatik, jokalari asko ekar daitezke» Aperribairen ustetan: «Bestelako kontua da zer onura ekarriko lukeen horrek». Aldiz, Willian Joseren grina azpimarratu zuen: «Harekin egin genuen otordu bat, eta hemen aritzeko gogotsu azaldu zen». Espainiako Kopako finalaz deus iragartzea «ezinezkoa» dela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.