Bideari ekiteko garaia

Realak gaur hasiko du sasoi honetako Kopako aldia, Kordobaren zelaian. Orain arte gehien jokatu duten jokalariek ez dute bidaiatu

Realeko jokalariak, irribarrez, atzo Zubietan egindako entrenamenduan. REALA.
Jon Ander De la Hoz.
Donostia
2021eko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Imanol Alguacilek argi utzi du zer xede duen bere taldeak Espainiako Koparako: «Garaikurra irabaztea da helburua». Oraindik jokatzeko dagoen aurreko sasoiko finalera heldu eta gero, Realak gaur abiatuko du sasoi honetako Kopako lehendabiziko partida. Kopako garaikur bat ez, jokoan izango diren biak eskuratu nahi ditu teknikari oriotarrak, neurketaren aurreko prentsa agerraldian azaldu zuenez.

Kordoban hasiko du sasoi honetako bidea. Hain justu, estadio horretan aritu zen orain astebete dela, Bartzelonaren aurka jokatutako Espainiako Superkopako finalerdian. Orduko porrotak ez du eraginik izan taldearen aldartean, Imanolek esan zuenez, eta lehiarako «gogotsu» dira bere jokalariak: «Ilusioa dugu. Finalerdia ahaztua dugu; ondo jokatu genuen, baina ez genuen aurrera egin. Bi atseden egun izan ditugu, eta indarrak berritzeko aprobetxatu ditugu».

Oraingoan Kordoba izango du arerio Nuevo Arcangel zelaian. 2.B Mailan lehiatzen da talde espainiarra, eta donostiarrak dira kanporaketa gainditu eta final-zortzirenetara sailkatzeko hautagai nagusi. Dena den, konfiantzari aterik ez dio zabaldu nahi Imanolek.

Haren arabera, «akatsa» litzateke partida patxada gehiegizkoarekin hartzea: «Kopan Getafe kaleratu du. Ezagutzen dut Pablo Alfaro entrenatzailea, eta talde lehiakorrak egiten ditu beti. Gainera, dagoen mailan egoteko, sekulako jokalariak ditu».

Realeko prestatzaileak adierazi zuen bere jokalariek «duten guztia» eman beharko dutela Kordoba kanporatzeko «Erasoan eta defentsan asmatu beharko dugu. Garai onean daude haiek».

Hautaketa bat, deialdirako

Gutxika-gutxika, min hartuta egon diren jokalariak ari dira osatzen, eta jokatzeko moduan dira gehienak. Aritz Elustondoren kasua da; beasaindarra prest dago gaur aritzeko. Aldiz, bidaiatu gabe geratuko dira aldi luzerako min hartuta dauden Miguel Angel Moya, Luca Sangalli eta Alex Sola jokalariak. Baita David Silva ere; Imanolen arabera, «hobetzen» ari da kanariarra. Aldiz, Imanolek etxean utzi ditu Adnan Januzaj, Nacho Monreal, Mikel Merino eta Andoni Gorosabel, atseden har dezaten.

KORDOBA-REALA
Kordoba. Isaac; Bernardo, De las Cuevas, Del Moral, Ledesma; Xavi Molina, Robles, Oiartzun; Moutinho, Valverde eta Jesus Alvaro.
Reala. Remiro; Zaldua, Aritz, Le Normand, Aihen; Guevara, Zubimendi, Guridi; Oiartzabal, Portu eta Isak.
Epailea. Cuadra Fernandez.
Lekua. Nuevo Arcangel.
Ordua. 19:00 (Dazn).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.