Marka berrien bila doa

Realak Valladoliden jokatuko du gaur, bolada onari eutsi nahian. Irabaziz gero, inoiz baino puntu gehiago batuko ditu 11 jardunalditan

Realeko jokalariak Mikel Merinok Mallorcari sartutako gola ospatzen, joan den asteazkenean, Anoetan. JUAN HERRERO / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Realak izugarrizko sasoi hasiera egin du, eta bolada onari jarraipena emateko xedez bidaiatu du Valladolidera (Espainia). Txuri-urdinek han jokatuko dute gaur arratsaldean, eta argi dute helburua: beste marka bat ezarri nahi dute. Izan ere, Donostiako taldeak sekula ez ditu bederatzi garaipen kateatu lehiaketa ofizialetan, eta, gaur irabaziz gero, lortu egingo luke. Asteazkenean berdindu zuen orain arteko boladarik onena —1966-1967ko sasoikoa—, baina gehiago nahi du.

Imanol Alguacilek entrenatutako taldeak, gainera, 11 jardunalditan lortutako puntuen errekorra ere erdietsi dezake. Espainiako Ligan hiru puntu banatzen direnetik 24 puntu batu ditu gehienera ere. Hain justu, teknikari oriotarrarekin lortu zuen hori; orain gutxi izan zen, gainera: 2020-2021eko sasoian, eta iragan denboraldian. Bat gutxiago bildu zituen Raynald Denoueixen esanetara 2002-2003ko denboraldian: 23. Realak bigarren amaitu zuen urte hartan.

Ordea, 11 jardunaldi igarota sekula ez ditu 25 eduki, eta gaur du hori lortzeko aukera. Valladolid menderatu beharko du horretarako. Espainiako taldeak aldarte onean ekingo dio partidari, Celta astindu baitzuen joan den asteazkeneko partidan (4-1).

Imanolek esan du igo berria izanagatik ere «oso partida gogorra» espero duela: «Haien taldea hartu, eta banan-banan hartuta, izugarrizko maila dute. Jokoa ere bai, une jakin batzuetan. Lehengoan Celtak izan zituen aukerak, baina lau gol sartu zizkion Valladolidek. Horrek esan nahi du aurrean gaitasuna dutela». Gaineratu du Jose Rojo Pacheta-k zuzendutako taldeak baliatu egiten duela antolatzeko modu bat baino gehiago izatea: «Batzuetan bost kokatzen ditu [defentsan]; beste batzuetan 4-3-3 jarrita aritzen da, eta 5-3-2 ere jarri izan du. Seiko lerroa jartzera ere iritsi da». Hala, Imanolek funtsezkotzat jo du Realak berea egitea. «Hori eginda, irabaztetik gertu egongo gara».

Gehientsuenak, «ondo»

Imanolek prest izango ditu jokalari gehientsuenak, aldi luzerako min hartutakoak salbu. Alex Sola ere ez da ariko: «Gutxika-gutxika ari da osatzen», azaldu du entrenatzaileak. Taldea atzo iritsi zen Valladolidera, baina Imanolek gaur emango du deialdia, estadiora iritsi baino lehen.

VALLADOLID - REALA

Valladolid. Masip; Rosa, Joaquin, Feddal, Javi Sanchez, Escudero; Roque Mesa, Aguado, Kike Perez; Sergio Leon eta Weismann.
Reala. Remiro; Gorosabel, Zubeldia, Le Normand, Diego Rico;Zubimendi, Merino, Silva; Brais Mendez, Sorloth eta Kubo.
Epailea. Figueroa Vazquez.
Lekua. Jose Zorrilla (27.618 ikusle)
Ordua. 16:15 (Movistar La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.