Frantziako Tourra

Arbeletik errepidera

Hirschik erakustaldia eman du Tourreko 12. etapan. Alaphilipperen ahaleginak hutsalak izan dira. Roglicek maillot horiarekin jarraitzen du

Arbeletik errepidera.
Mikel O. Iribar.
2020ko irailaren 11
00:00
Entzun
Atzoko etapa hasi aurretik, Sunwebeko autobusean, Matthew Winston kirol zuzendariak arbelean erakutsitako estrategia bikain islatu zuten errepidean haren txirrindulariek. Ibilbideko zati erabakigarrienean, taldeko hiru txirrindulari sartu ziren ihesaldian, tartean Marc Hirschi. Igandean hirugarren postuan amaitu zuen, eta hortzak ongi zorroztuak zituen suitzar gazteak: garaipen gosez zegoela nabari zitzaion. Azken 28 kilometroak bakarrik egin zituen atzo, erakustaldia emanda. Ezin sinetsita, World Tourreko lehen garaipena lortu zuen, Frantziako Tourreko 12. etapan. Pierre Rolland (B&B) iritsi zen bigarren postuan, eta Soren Kragh Andersen, Hirschiren taldekidea, hirugarren. Primoz Roglicek (Jumbo Visma) jarraitzen du lider.

Aurtengo etaparik luzeena izan zen atzokoa, 218 kilometrokoa. Ibilbide gorabeheratsua izanda, klasiko batek izan zezakeen gidoia bete zen. Imanol Erbiti (Movistar) sartu zen ihesaldian, Nils Politt (Israel), Max Walscheid (NTT) eta Luis Leon Sanchez (Astana), Kasper Asgreen (Deceuninck) eta Mathieu Ladagnousekin (Groupama) batera. 44 kilometro falta zirenean, ordea, tropelean zalaparta sortu zen, eta sei txirrindularik egin zuten hanka. Han ziren Hirschi eta haren bi taldekideak. Atzean, Julian Alaphilippe (Deceuninck), etsita, aurrekoak harrapatzen ahalegindu zen, baina alferrik. Sari handia Hirschik jaso zuen: bakarrik helmugaratu zen Sarraneko helmugan. 191 kilometroko etapa menditsua izango dute gaur. Faboritoek sagarrondoa astintzeko aukera aproposa izango dute.

Hamilton nagusi Tirrenoan

Tirreno-Adriatikoan, berriz, Lucas Hamiltonek (Mitchelton) irabazi zuen laugarren etapa. Australiarra Fausto Masnadarekin (Deceuninck) batera iritsi zen azken kilometrora, eta esprintean erraz nagusitu zen; Jakob Fuglsang (Astana) eta Vincenzo Nibali (Trek) ez beste, faborito guztiak hamar segundora heldu ziren. Michael Woodsek (Education First) jarraitzen du lider. 202 kilometroko etapa izango dute gaur.Mendian amaituko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.