Txapelketa kutunena

Gaur ekingo zaio buruz burukoari, atariko batekin. Gero, sei erremontista ariko dira: final-laurdenetan hasiko dira hiru, eta finalerdietan beste hirurak

Buruz buruko azken fasean ariko diren erremontistak, Endika Urrutia izan ezik, atzo, Galarretan. JON URBE / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Oriamendi 2010eko erremontistek hilabete eta erdi pasatxo daramate jada lehian. Gehienek txapelketa bat jokatua dute, Galarretaren 50. urteurrenarena, baita makina bat partida ere. Ondo etorri zaie, koronabirusak etenaldi luzea eragin ondoren, sasoia hartzeko. Beharko dute, gaur hasiko baita txapelketa nagusia, kutunena: Kutxabank buruz burukoa. 38. aldia izango du aurtengoa.

Aritz Juaneneak eta Iban Larrañagak gaur 17:00etan Galarretan jokatuko duten atarikoarekin ekingo zaio banakakoaren azkeneko faseari. Irabazlea final-laurdenetako ligaxkan ariko da, Imanol Ansarekin eta Ander Goikoetxearekin batera. Hiru partida jokatuko dituzte: abuztuaren 13an, 15ean eta 20an. Lehen sailkatua finalerdietako ligaxkara pasatuko da. Eta bigarren ligaxka horretan, iazko lehen hiru sailkatuak izango ditu aurkari: Endika Barrenetxea, Javier Urriza eta Endika Urrutia.Sei partida jokatuko dituzte, eta lehen sailkatuak finala jokatuko du irailaren 26an. Bigarren eta hirugarren sailkatuak, berriz, aurrez aurre izango dira finalerdian, irailaren 19an.

Partida guztiak 30 tantora jokatuko dituzte, eta egindako tantoen arabera jasoko dituzte puntuak: irabaziz gero, lau; 27 eta 29 tanto artean lortuz gero, bi; 24 eta 26 artean, bat; 17 eta 23 artean, batere ez; eta hamaseira iritsi ezean, puntu bat kenduko diete.

Iazko finalistak, gogotsu

Iazko bi finalistek, Barrenetxea IV.ak eta Urrizak, bi aste barru ekingo diote lehiari. Gogotsu daude biak ala biak. «Oso gustura ari naiz azkenaldian. Gorakada handia izan dut nire jokoan. Egungo Barrenetxeak aise irabaziko lioke Galarretaren urteurrenaren txapelketan aritu zenari. Asko gozatu dut txapeldun izanda, neure buruari erakutsi baitiot gai naizela buruz buru jokatzeko. Helburu bakarra dut txapelketa honetan: finalera iristea eta txapela irabaztea», esan zuen atzo aurkezpenean Barrenetxea IV.ak.

Urriza ere gogotsu dago. «Hautagai izango naiz aspaldiko partez. Lasai nago, eta lehiari ekiteko ilusio handiz, buruz burukoa baita txapelketarik bereziena. Urteko egunik politena da finalarena; bertan egon nahi dut, eta ahal izanez gero, irabazi. Saiatuko naiz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.