Aldi berria, oinarri bera

Super Amara Bera Berak sasoi-aurreko lehen entrenamendua egin du. Alice Fernandes, Laura Hernandez eta Malena Cavo dira jokalari berriak

Bera Berako jokalari eta teknikariak, atzo, Bidebietan, lehen entrenamendua hasi aurretik. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Ia ahaztua zuten elkarrekin egoten, are gehiago entrenatzen. Eta ez da gutxiagorako: lau hilabete eta erdi zeramatzaten elkarrekin aritu gabe. Martxoaren 12ko arratsaldean Bidebieta kiroldegian entrenatu eta elkar agurtu zutenetik. Koronabirusak kolpe batez eten zuen haien egunerokoa. Baina kito. Aspaldiko partez, elkarrekin lanean dira berriz Super Amara Bera Berako jokalariak. Atzo egin zuten denboraldi-aurreko lehen entrenamendua, Bidebietan.

Ez da aldatu behar ondo dabilena, eta Bera Bera bikain ibili zen aurreko sasoian. Seigarrenez irabazi zuen Espainiako Liga. Bulegoetan hartutako erabaki batek eman zion titulua, baina inork ez zuen zalantzan jarri txapela inork merezi bazuen hori Donostiako taldea zela. Koronabirusak lehiaketa bertan behera utzi zuenean, galdu gabe zegoen: hamalau partida irabazi zituen, eta bi berdindu.Sei jardunaldiren faltan, lau punturen aldea zuen Elxekiko. Nahiko bideratua zuen liga irabaztea.

Horregatik, talde irabazlea delako, eta Bera Berako ordezkariak oinarri nagusiari eusteko gai izan direlako, apenas dagoen aldaketarik. Bi jokalarik baino ez dute utzi taldea: Merche Castellanos atezainak eta Silvia Arderius erdikoak. Jokalari garrantzitsuak ziren biak, baina nahiago izan dute beste erronka batzuei heldu. Hain zuzen ere, Malagan (Espainia) ariko dira biak, Rincon Fertilidaden.

Alice Fernandes atezain brasildarra eta Laura Hernandez ezker alboko katalana fitxatu ditu Bera Berak Castellanosek eta Arderiusek utzitako hutsuneak betetzeko. Fernandes eta Hernandezez gain, Malena Cavo eskuin alboko argentinarra ere iritsi da Donostiara. Maria O'Mullonyri ebakuntza egin diote, eta denbora luzez egon beharko du jokatu gabe; haren tokia beteko du Cavok. Atzo ez zen entrenatu, ezta Manuela Pizzo ere, asteburuan iritsi baitziren, eta PCR proben emaitzen zain baitaude. Mirene Moreno ere ez zen egon atzo, haren gertuko bati PCR proba egin behar baitiote.

«Talde osoagoa dugu»

«Oso pozik» dago Imanol Alvarez osatu duten taldearekin. «Oso talde polita osatu dugu, aurreko denboraldikoa baino osoagoa». Helburua ez da aldatu: «Lehiaketa guztietan azken unera arte txapeldun izateko borrokan egon nahi dugu. Ardura da hori, baina prest gaude». Antzera mintzatu zen Alba Menendez, baina kapitainak nabarmendu zuen «hasieran tentuz eta lasai» aritu beharko dutela. «Denbora asko daramagu entrenatu gabe, eta komeni da pixkanaka-pixkanaka hastea». Egoera berrira ere egokitu beharko dute: kontakturik gabe entrenatu beharko dute; ezingo dira pistara sartu aurretik zeudenak irten arte; hamarreko taldeetan ariko dira; kantxan ezingo dira denbora berean 30 pertsona baino gehiago egon; eta, aldagelan, ezingo dira denak elkarrekin egon.

Bera Berak sei lagunarteko jokatuko ditu. Lehen neurketa ofiziala, berriz, irailaren 4an izango du, Espainiako Kopa jokatuko baitu Alhaurin de la Torren (Espainia) —Kopako bi ekitaldi jokatzea da asmoa—. Ligari, berriz, astebete geroago ekingo dio, irailaren 12an. Aldiz, beste bi hilabete itxaron beharko du EHF Europako Ligan aritzeko. Atariko bat jokatu beharko du ligaxkan aritu nahi badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.