Txikitu, indartzeko

Sei bikote mistok hartuko dute parte Caixabank Mastersean. Uztailaren 15ean hasiko da, eta urriaren 2an jokatuko dute finala, Nafarroa Arenan

Mastersa jokatuko duten pilotariak eta Kepa Badiola Caixabankeko ordezkaria, atzo, Bilbon, aurkezpenean. M. RAMIREZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Koronabirusaren pandemiak eragindako osasun egoeraren arabera moldatu dute enpresek Caixabank Mastersa. Duela bi urte, hari esker salbatu zuten festarik eta pilota jaialdirik gabeko uda. Zortzi bikote misto aritu ziren; bi itzuli, finalerdiak eta finala jokatu zituzten. Iaz, berriz, udako torneoak jokatu zirenez, moldatu egin zuten Mastersa; laburtu egin zuten: bikote kopuruari eutsi zioten, baina itzuli bakarra jokatu zuten, eta, ondoren, finalerdiak eta finala.

Aurten, ordea, bi urteko etenaren ondoren festak, pilota jaialdiak eta torneoak egingo direnez, berriz moldatu dute. Batetik, zortzi bikote aritu beharrean, sei ariko dira. «Txapelketaren maila handitzeko eta udako egutegiarekin hobeto uztartzeko» egin dute. Bikote mistoak izango dira berriro: Laso-Martija, Altuna III.a-Imaz, Urrutikoetxea-Rezusta, Ezkurdia-Mariezkurrena II.a, Jaka-Zabaleta eta Irribarria-Albisu. Azken Mastersarekin alderatuta, Laso eta Irribarria dira aldaketak. Iaz, Laso profesionaletara itzuli berria zen, eta Baikok ez zuen aukeratu. Halere, sei aldiz aritu zen ordezko gisa. Irribarria, berriz, min hartuta zegoen. Mastersean ariko diren hamabi pilotariak sanferminetako binakakoa jokatuko duten berberak dira, baina nahastuta. Enpresek argi dute zeintzuk diren haien pilotaririk onenak. Besteak itxaron beharrean dira.

Sanferminak amaitu ondorengo egunean hasiko da Mastersa, uztailaren 15ean, Balmasedan (Bizkaia), eta finala urriaren 2an izango da, Iruñean, Nafarroa Arenan; ligaxka, kanporaketak —lehen aldiz— eta finalerdiak jokatuko dituzte aurretik. Tartean, Gasteizko, Donostiako, Bilboko eta Logroñoko (Espainia) feriak jokatuko dira, baita beste hainbat herritako torneo eta jaialdiak ere.

Iaz, Aimar Olaizolak eta Jose Javier Zabaletak irabazi zuten Mastersa. Olaizola II.ak erretiroa hartu zuen gero, eta Baikoko kirol zuzendaria da orain. Zabaletak, berriz, Erik Jakarekin jokatuko du aurten. 2019-2020ko binakakoan elkarrekin aritu ziren, eta finalerdietara iritsi ziren. «Ilusioa egiten dit berriz ere Erikekin jokatzeak. Ahal dugun lan onena egiten saiatuko gara. Oso bikote parekatuak daude txapelketan, eta guztiok dugu aukera irabazteko. Gainera, huts egiteko aukera gehiago dago: kanporaketa dago, eta, kanporaketan galdu arren, tantoei esker sailka gaitezke».

Unai Lasori ere «ilusio handia» egin dio Julen Martijarekin jokatzeak. «Lagun handiak gara. Gaztetan sei urtez jokatu genuen elkarrekin, eta duela asko ez gara bikote izan. Gozatzera aterako gara. Txapelketak itxura oso polita du: bikote oso indartsuak daude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.