Italiako Giroa

Ale distiratsua bildumarako

Lennard Kamnak irabazi du Italiako Giroko laugarren etapa, Etnan, eta Juanpe Lopez jarri da lider

Ale distiratsua bildumarako.
enaut agirrebengoa
2022ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Iheslariek gori-gori jarri zuten atzo Italiako Giroa, Etna sumendiko igoeran. Lasterketako lehen bukaera malkartsua izan zen, eta faboritoek ez zutenez zirkinik ere egin, ihesaldian jokatu zituzten etapa garaipena eta lidergoa. Lennard Kamnak (Bora) lortu zuen lehen saria, eta hala, tropeleko ehiztaririk iaioenetako bat dela berretsi zuen. Giroaren atarian ere besoak altxa zituen, Alpeetako Tourrrean, eta seigarren garaipena lortu zuen profesional legez. Bigarrena du itzuli handi batean, duela bi urte Frantziako Tourrean lorturikoaren ondoren.

Alemaniarra buruz buru gailendu zitzaion Juanpe Lopezi (Trek). Espainiarrak estreinakoz irabazi nahi zuen elitean, baina, azken bihurgunean kale egin, eta esprintean lehiatzeko aukerarik gabe gelditu zen. Alta, pozez zoratzen, amets batean bezala zegoen etapa finitu berritan. Ez zen gutxiagorako, maglia arrosa kendu baitzion Mathieu van der Poeli (Alpecin). Liderra ez zen bete-betean aritu Etnan, aproposagoak izango diren egunetarako indarrak gorde nahirik. Hautagai nagusiek ere beste baterako utzi zituzten suziriak. Sumendiko igoera elkarrekin egin zuten, Ineosen erritmoan. Richard Carapazen taldeak martxa nahiko bizia jarri zuen, eta, haizeak aurrez jotzen zuenez, inork ez zuen arriskurik hartu nahi izan.

Ordurako, etxerako bidea hartua zuen Miguel Angel Lopezek (Astana). Kolonbiarra da jokoz kanpo gelditu den lehen faboritoa. Mina zuen ezkerreko aldakan, eta ezin izan zuen jarraitu lasterketan. Etapa hasi eta gutxira erretiratu zen, eta, hortaz, liderrik gabe gelditu zen Astana. Vincenzo Nibalik onenak eman ditu jada, eta ez zen kapaz izan Etnako helmugara onenekin iristeko. Lehenago, Tom Dumoulin (Jumbo Visma) ezinak jota geratu zen. Erlojupekoan indartsuenetako bat izan zen arren, behera egina da maldan gora. Simon Yates (Bike Exchange), berriz, onik atera zen, nahiz eta etaparen hastapenean erori. Min hartu zuen belaunean, eta atzera eginda egon zen, medikuek arta zezaten. Etnan ez zen lehertu.

Ihesaldiak bai, eztanda egin zuen sumendian. Hamalau laguneko multzo bat ibili zen ihes eginda; hartan ziren, Lopez eta Kamnaz landa, Rein Taaramae (Wanty), Mauri Vansevenant (Quick), Lilian Calmejan (Ag2r), Sylvain Moniquet (Lotto Soudal) eta Gijs Leemreize (Jumbo Visma). Hasieran, Van der Poel eta Biniam Girmay (Wanty) ere saiatu ziren ihesaldian sartzen, baina saiakera ustela izan zen. Liderra eten egin zen gero, errepidea tentetzen hasi orduko, eta haren taldekide Stefano Oldanik piztu zuen sua aurrekoen artean. Ia minutu baten aldearekin izan zen, baina Lopezek azkar harrapatu eta aurreratu zuen. Kamna geroago oldartu zen. Bi eraso egin zituen, eta tontorretik 6,5 kilometrora bakarrik irten zen Lopezen bila. 35 segundoren aldea irauli beharra zeukan.

Bada, espainiarrarekin bat egin zuen lau kilometro geroago. Saria banatu egin zuten: etapa batentzat, lidergoa bestearentzat. Hirugarren Taaramae izan zen, atzetik aurrera eginda, 34 segundora. Faboritoen artean, Emanuel Buchamnnek (Bora) imintzio txiki bat egin zuen, baina ez zuen eduki jarraipenik. Kamna iritsi eta 2.37ra helmugaratu ziren, Carapaz buru. Ekuadortarra zazpigarren izan zen, eta bi postu atzerago sartu zen Pello Bilbao (Bahrain). Gernikarra zazpigarren dago sailkapen nagusian, Lopezekin bi minutu galduta. Mikel Landa (Bahrain), berriz, 11. izan zen atzo, eta hamabigarrena da sailkapenean, 2.15era. Oilarren artean, Yates dago posturik onenean: laugarren, 1.42ra.

Bestalde, Nafarroako Klasikoaren lehen etapa jokatu zen atzo, eta Movistarreko Sarah Gigante australiarra gailendu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.