Italiako Giroa

Apalenei gorazarre

Lau lagunek egin dute ihes 18. etapan, eta Dries de Bondt (Alpecin) izan da azkarrena. Joao Almeidak lasterketa utzi du, COVID-19agatik

Apalenei gorazarre.
Aitor Manterola Garate.
2022ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Dries de Bondtek ziklista langileei gorazarre egin zien atzo. Multzo horretakoa izanik, bere artaldeari egin zion oparia, artzain zintzoa balitz bezala: Italiako Giroko etapa bat —aurtengo hirugarrena Alpecin taldearentzat—. Trevisoko helmugan, 18. jardunean, besoak altxatu zituen Flandriako ziklistak. Iazko arantza atera zuen, laugarren egin baitzuen 11. etapan. Hiru iheskideak atzean utzi zituen: Edoardo Affini (Jumbo), Magnus Cort (Education First) eta Davide Gabburo (Bardiani).

Atzokoa laburra zen (156 km), eta mendiko bi etaparen ondorengoa. Garapenak ez zuen inor ezustean hartu, ihesaldia osatzea espero baitzen. Helmugara heldu zena berehala osatu zen. Esprinterren taldeak lanean aritzea ere espero zen, eta halaxe gertatu zen. Baina ezustea izan zen, handia edo txikia: ez ziren gai izan iheslariak harrapatzeko —14 segundo galdu zituzten—. Lasterketaren abiadura izan zen beste ezusteko bat. Ziztuan ibili ziren ziklistak (46,4 km/h), eta etenak ere izan ziren tropelean. Besteak beste, Juanpe Lopez (Trek) geratu zen atzean, maglia arrosa soinean hamar egunez eraman zuen espainiarra. Jai Hindley (Bora) bigarren sailkatuak ere komeriak izan zituen, baina matxura tarteko izan zenez, eta azkeneko hiru kilometroen barruan, ez zioten kontuan hartu epaileek.

Sailkapen nagusiko aldaketa etaparen atarian izan zen. Joao Almeida (UAE) ez zen atera, positibo eman zuelako COVID-19an. Mesede egin dio Mikel Landari (Bahrain), portugaldarra laugarren baitzen, euskal herritarrarengandik 49 segundora. Orain, Vincenzo Nibali (Astana) da laugarren, Landarengandik 4.43ra.

Gaur, mendia berriz ere

Gaur, 19. etapan, mendia izango dute parez pare berriz ere ziklistek. Marano Lagunare-Santuario di Castelmonte arteko ibilbidea osatu beharko dute. 178 kilometroko lana da, eta lau mendate igaro beharko dituzte: Villanova Grotte eta Tanamea (3. maila), Kolovrat (1. maila) eta amaierako gaina, helmugakoa: Castelmonte (2. maila).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.