Berezi egiten duen hori gabe

Gaurtik igandera jokatuko da Espainiako Kopa, Madrilen, zalerik gabe. Baskonia ere, faborito

Berezi egiten duen hori gabe.
Aitor Manterola Garate.
2021eko otsailaren 11
00:00
Entzun
Apartekoa izaten da saskibaloi munduan Espainiako Kopa. Historia luzea izanik, taldeentzat titulu handi bat da, eta badu beste bereizgarri bat ere: zaleak; aurten izango ez duen hori, hain justu. Hala ere, lehiaketa kuttuna da, eta gaurtik igandera bitartean, saskibaloi zaleen arreta bereganatuko du. Madrilen izango da aurten, eta zenbaki biribilarekin, gainera: 85.a.

Zortzi talde lehiatuko dira, kanporaketa eran. Gaur eta bihar, bina final-laurden; etzi, bi finalerdiak, eta igandean, final handia. Zortzikotean dago TD Systems Baskonia, eta txapelketa irabazteko hautagaietako bat da, gainera. Bihar ekingo dio lehiaketari, Joventuten aurka. Arabarrek badakite zer den Kopa irabaztea, sei aldiz lortu baitute; azkenekoa, aspalditxo, 2009an. Real Madrilek ditu Kopa gehien irabazita: 49.

Baskonia ez da izango euskal ordezkari bakarra; beste batzuk ere ariko dira Madrilen: aulkietan, Txus Vidorreta Tenerifeko entrenatzaile lanetan, eta Jose Angel Samaniego Joventuteko entrenatzaile laguntzaile; pistan, Xabi Lopez Arostegi (Joventut) eta Dario Brizuela (Unicaja) jokalariak, eta epaile lanetan, Juan Carlos Garcia Gonzalez eta Sergio Manuel.

Baskonia, «indartsu»

Aulkietan ibili zena eta orain Gipuzkoako Federazioan lanean ari dena Jon Txakartegi entrenatzailea da. Baskoniaren bigarren taldearen arduradun ere izan zen, eta ondo ezagutzen du taldea. «Indartsu» ikusten ditu Dusko Ivanovicenak; bereziki, azken bi asteetan egindako lanagatik: «Partida oso onak jokatzen ari da orain, eta antzematen zaie Duskok nahi duen hori erakusten ari dela taldea». Uste du txapelketa handia egiteko aukera duela.

Hori esateko, honetan oinarritu da: «Azkenaldian, oso defentsa ona egiten ari da, eta, horri esker, aukera du kontraerasoan azkar ateratzeko». Baskoniaren berezko izaera grinatsua ere aipatu du ezaugarri onen artean: «Denok dakigu Baskoniak baduela zerbait berezia horrelako txapelketetan ondo aritzeko. Ikusi zen aurreko denboraldiko liga nola irabazi zuen antzeko lehiaketa molde batean». Munduan ez da, ordea, dena ona duen talderik, eta Txakartegik bi kezka dauzka Kopari begira: «Joko antolatzaileak erabakigarriak dira, eta Pierria Henry eta Luca Vildozak maila ona eman ezean, gaizki ibiltzen da taldea. Gorabeherak izaten dituzte, eta Kopa ona egiteko, biek bete-betean jokatu beharko dute, arreta galdu gabe». Baliagarri izaten ari diren jokalari kopuruan ikusten du beste balizko gabezia: «Kopuruz motz samarra dauka taldea, eta ea txapelketa aurrera doan heinean ez duten nozitzen nekea. Hiru egunetan hiru partida jokatuko lituzke finalera helduz gero, eta nekea azaltzea normala litzateke».

Taldean daude Artur Kurucs eta Sander Raieste, Txakartegiren aginduetara egondakoak. Lan ona egiten ari direla dio: « Entrenamenduetan, laguntza handia emango dute, eta partidetan, ari dira Duskok nahi duen hori egiten; batez ere, defentsan».

Bestelakoan, Bartzelona ikusten du faborito Kopa irabazteko: «Jasikevicius entrenatzaileak nahi duen bezala jokatzen ari da, eta abiadura ona hartuta heldu da txapelketara. Gainera, talderik onena dauka». Bihar ariko dira katalanak, Unicajaren aurka; gaur, teorian beste faboritoa denak jokatuko du: Real Madrilek. Aurkari gaiztoa du, Valentzia: «Zalantzekin iritsi da Real Madril, baina lehiakorra da, eta kontuz». Laguna du Pablo Laso madrildarren entrenatzailea; baita Jaume Ponsarnau Valentziakoa ere: «Urduritasunez beteta ikusiko dut bietako nork irabazten duen ».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.