Naturarekin zuzenean batzeko aukera

Udan hamaika plan egin daitezke, eta horietako bat Euskal Herriko lorategi botanikoak bisitatu eta ezagutzea izan daiteke.

RAUL BOGAJO / FOKU.
Ane Markina Auzmendi.
2021eko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Donibane Lohizuneko Paul Jovet lorategia
Landareak itsasoari begira

Donibane Lohizuneko Paul Jovet baratze botanikoa. 2,5 hektarea ditu lorategiak, eta itsasotik 50 metroko altuera duen Erromardiko hondartzaren itsaslabarrean dago.Isabelle Miquelestorena

Donibane Lohizunen (Lapurdi) Itsasertzeko Paul Jovet baratze botanikoa dago. 2,5 hektarea ditu lorategiak, eta Erromardiko hondartzaren itsaslabarrean dago, itsasotik 50 metro gora. Lorategian, kostaldeko landareak daude, eta euskal haritzak eta pinuak mantentzen dira. Mila espezie inguru batzen dira bertan: magnoliak, bost kontinenteetako landareak, atlantikoko haritzak, kostaldeko txilardiak, dunak eta abar.

Lorategi botanikoak euskal kostako ingurune naturaletan barrena doan ibilaldia eskaintzen die bisitariei. Itsasora bista ederrak ditu, eta leku lasaia da, familian, lagunekin zein bakarka joan eta landare artean galtzeko. Irekita dago apirilean, maiatzean, irailean eta urrian; asteazken, larunbat, igande eta jai egunetan, 11:00etatik 18:00tara; uztailean eta abuztuan, egunero, 11:00etatik 19:00etara. Sarrera ordaindu egin behar da, eta tarifa desberdinak daude: 16 urtetik gorakoek (helduek), 4 euro; 12 eta 15 urte bitartekoek, 2 euro, eta 11 urtera arte dohainik sar daitezke lorategi botanikoan.

Lorategian hainbat jarduera egiteko aukera dago: erakusketak, bisita gidatuak, lorezaintza tailerrak eta abar. Bisita gidatuak euskaraz ala frantsesez egin daitezke, baina, horretarako, aurrez ordua hartu behar da.

Hainbat modu daude leku eder horretara joateko: autoz, autobusez, bizikletaz ala oinez. Autoz iristeko, A63 autobidetik Donibane Lohizuneko hirugarren irteera hartuta edo D810 errepidetik. Autobusaren kasuan, udan Hegobusaren hirugarren linea har daiteke lorategira iristeko. Azkenik, bizikletaz ala oinez itsasbazterretik hiri barnea eta lorategia lotzen dituen bide gorritik edo ibilbidetik joan daiteke.

Aiako Iturrarango lorategi botanikoa
Basoan ezkutatutako ondarea

Iturrarango lorategi botanikoa. Iturraran Pagoeta natura parkearen barruan dago eta 25 hektareako lorategi botanikoa da.Jon Urbe / FOKU

Mendi artean dagoen basoaren artean dago Iturrarango lorategi botanikoa, Aian (Gipuzkoa). Iturraran Pagoeta natura parkearen barruan dago, eta 25 hektareako lorategi botanikoa da; horietatik hamabost bertako zuhaitzek osatzen dute.

Gaur egun, 4.500 landare baino gehiago daude bertan: haritzak, astigarrak, mimosak, txilarrak, gereziondoak... Arriskuan dauden Euskal Herriko landareen bilduma bat ere gordeta dute. Bisitariei ibilbidea errazteko, zortzi gunetan banatuta dago lorategiaren barrena; espezie guztiei izena eta jatorrizko lekua adierazten duten etiketak jarri dizkiete. Leku lasaia eta polita da, goiz ala arratsalde pasa joateko. Eguneroko jardueretatik deskonektatzeko leku aproposa da. Bisita gidatuak ere egiten dituzte.

Lorategia zabalik dago urteko egun guztietan, 09:00etatik 18:00ak arte. Bisitariak autoz joan daitezke, eta hantxe aparkalekua dute. Autobusa hartzeko aukera ere badago, Orion edo Zarautzen, UK08.

Baionako Poternako lorategi botanikoa
Harresiek babestutako altxorra

Baionako Poternako lorategi botanikoa.Bob Edme

Baionako alde zaharretik gertu dago lorategia. Harresiz inguratuta dago, eta 3.000 metro koadroko zabalera du. Hiriko Santa Maria katedraletik gertu eraiki zuten, 1990eko hamarkadaren amaieran, Vaubanek diseinaturiko gotorleku baten gainean. Leku lasai eta itzaltsua da egun beroetan. Asfaltoz eginiko bide batek zeharkatzen du lorategi osoa, eta eserlekuz beteta dago.

Tankera japoniarrean diseinatutako lorategia da, eta hainbat eszena eskaintzen ditu: ur-jauziak, zubiak, pasarelak... Leku eder eta originala da. Lorategi botanikoak 1.000 landare mota ditu, besteak beste, banbuak, japoniar astigarrak eta hezeguneko landareak. Atseden bila dabilen pertsona batentzat leku aproposa da. Gainera, haurrentzako jolas eremu bat dago, horiek ere lekuaz goza dezaten.

Apirilaren 15etik urriaren 15era egoten da zabalik. Asteartetik larunbatera, 09:30etik 12:00etara eta 14:00etatik 18:00etara bisita daiteke, eta sarrera doakoa da. Bisitariak autoz eta autobusez joan daitezke lorategi botanikora. Ordainpeko hainbat aparkaleku daude. Autobusaren kasuan, N2 eta N3 lineak dira parketik gertu geltokia dutenak.

Barakaldoko Ramon Rubial lorategi botanikoa
Landareen museo bizia

Barakaldo (Bizkaia) herriaren ia kanpoaldean dago Ramon Rubial lorategi botanikoa. 60.000 metro koadro eta kilometro bateko lorategi horretan, mundu osotik ekarritako 300 zurezko espezie daude. Bertan, landare autoktonoez gain, munduko inguru desberdinetako landareak daude ikusgai: papiroa, pinsapoa, Jupiter zuhaitz zuria, hosto erorkorreko magnoliak eta abar. Zortzi sarrera ditu: garrantzitsuena La Torre kaleko lorategi zuria da.

Hara joaten direnek paseo ederra emateko aukera izango dute. Lorategi barneko labirintoan galtzeaz gain, lorategiko esparru desberdinez disfruta daiteke: bertako basoa, udaberriko lorategia, fruta-arbolen basoa, lorategi urtarra eta abar. Hamaika gune ikusi eta naturaren gertutasuna sentitzeko toki paregabea da. Parkean barrena, zenbait zerbitzu eskaintzen dira: esaterako, informazio gunea, komunak, iturriak, haurrentzat jolasak eta naturgunea.

Lorategira autoz edo autobusez iritsi daiteke. Bertatik gertu A3136, A3144 eta A3141 autobus lineek geralekua dute, eta autoentzako makina bat aparkaleku daude. Lorategia 10:00etatik 22:00etara dago zabalik, eta sarrera doakoa da.

Gasteizko Olarizu lorategi botanikoa
Hiriaren birika

Gasteizko Olarizu lorategi botanikoa.Raul Bogajo / FOKU

Olarizu lorategiak Gasteizko Eraztun Berdea osatzen du, Zadorra, Zabalgana, Salburua eta Armentia parke naturalekin batera. Hiriko Adurtza auzoaren hegoaldean dago Olarizu, eta bertan, eskualdeko, Europako eta munduko landareen biodibertsitatea kontserbatzen da. Orotara, 120 hektareako lorategi botanikoa da, eta mila landare bilduma eskaintzen ditu. Leku aproposa da paseatzeko eta landareen munduari lotutako hezkuntza bultzatzeko. Eguneko 24 orduetan zabalik dago.

Lorategian kontinenteetako bost bioma daude bisitarientzat ikusgai: mediterraneoko basoak eta sastrakadiak, baso epelak, baso borealak, goi mendietako basoak, esaterako. Leku aparta da familian ala lagun artean piknika egiteko; horretarako, egurrezko zenbait mahai daude lorategian. Horrez gain, parkean zortzi informazio puntu daude, panel moduan ezarrita.

Olarizura autobusez, autoz eta bizikletaz joan daiteke. Autobusez, L2 eta L10 lineen bidez joan daiteke lorategira. Gainera, autoan joan daiteke; lorategiaren kanpoaldean dagoen Adurtza auzoan, doako aparkaleku bat dago. Bisitariak bizikletan ere joan daitezke, eta, gainera, aukera paregabea da lorategia bizikletaz zeharkatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.