Koronabirusa

Hego Euskal Herrian 33 lagun zendu dira birusagatik azken astean

Abuztuaren erditik gaitzak jota jende gutxien hil den astea izan da aurrekoa. 681 positibo atzeman dituzte, eta bilakaera okertu egin dela ohartarazi dute agintariek

Osasun langile bat, birusagatik erietxeratutako paziente bat artatzen, Galdakaoko ospitalean (Bizkaia). ADONI LUBAKI/ FOKU.
Edurne Begiristain.
2021eko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Zazpigarren astez jarraian, koronabirusak jota hildakoen kopuruak behera egin du Hego Euskal Herrian. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera, joan den igandera arte 33 lagun hil ziren astebetean birusak jota. Birusarekin hildako 33tik sei Nafarroan zendu dira, eta gainerako 27ak, berriz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Martxoaren 15etik 21era arteko egunetan izandako heriotzak jasotzen ditu datuak, eta abuztutik Hegoaldean erregistratu den kopururik apalena da. Zehazki, abuztuaren 17tik 23ra arteko egunetan 24 heriotza izan ziren, eta, hortik aurrera, kopurua beti izan da langa horretatik gorakoa. Iragan asteetako datuekin alderaturik, apalduz doa zazpi egunean Hegoaldean izandako heriotza kopuruaren kurba: joan den astean baino bost lagun gutxiago zendu dira astebetean Hego Euskal Herrian gaitzagatik.

Hildakoen datuetan ez bezala, birusaren transmisioaren bilakaera okertzen ari dela agerian utzi dute azken adierazleek. Osakidetzak eta Osasunbideak 14.905 proba egin zituzten herenegun COVID-19a atzemateko, eta 681 kasu positibo detektatu zituzten guztira. Hala, egindako testen %4,5ek eman zuten positibo Hego Euskal Herrian. Egun bakarrean zenbatutako kasuak herrialdeka aztertuta, Bizkaian 256 kasu zenbatu zituzten; Gipuzkoan, 150; Nafarroan, 171; eta Araban, 99.

Hegoaldeko erietxeen egoerari dagokionez, herenegun 53 lagun eraman zituzten ospitalera gaitzaren sintomak larriagotuta. Oraintxe bertan, 407 pertsona daude erietxeetan. Paziente horietako 308 zentroetako gela arruntetan daude, eta 99 daude ZIUetan, bezperan baino bat gutxiago, alegia.

Neurriak zorroztu ala ez

Birusak oldartuta jarraitzen du Hegoaldean, eta egoera konplikatzen ari dela ohartarazten ari dira osasun agintariak. Erresuma Batuko aldaerak sortzen du, une honetan, buruhauste gehien. Jonan Fernandez Labi aholku batzordeko koordinatzailearen esanetan, egoera «zaila» da, eta zalantza gehien sortzen dituen faktoreen artean aldaera horren hedapena da. Azaldu du kutsatzeen kurbak goranzko bidean jarraituko duela, baina aurreikusten dutela «30-35 egun barru goia jotzea» eta aurreko goraldiak baino «indar gutxiagokoa» izatea. Atzo arratsaldean bildu zen Labiren batzorde teknikoa, eta haren gomendioak entzunda erabakiko dute batzorde horretako erakundeek neurri berriak ezarri ala ez.

Nafarroako Gobernuak, berriz,beste bi astez luzatuko ditu azken asteetako neurri murriztaileak, eta apirilaren 9ra arte izango dira indarrean. Besteak beste, eutsi eginen dio herrialdearen itxiera perimetralari, gaueko 23:00etatik aurrerako etxeratze agindua izango da, eta eremu pribatuko bilerak bizikidetza unitatekoen artekoak bakarrik izan ahalko dira. Neurriok dekretu bidez sartuko dira indarrean, bihar bertan. Hala ere, Nafarroako Gobernuak ohartarazi du kutsatzeek okerrera egiten badute ez duela baztertzen neurriak oraindik ere gehiago gogortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.